San Miguel Liga
Amaiera estuan irabazi dio Hondarribiak Urdaibairi
28 ehunekoengatik gailendu ziren gipuzkoarrak Gor- lizko uretan. Bestalde, nahiz eta bigarren gelditu, Urdabaik Ligan duen abantaila handitu zuen.
Beñat ZARRABEITIA | GORLIZ
Bukaera ikusgarria egin zuten Hondarribiak eta Urdabaik atzo Gorlizen. Azkenean, eta bi traineruak uretan epaileen azken erabakiaren zain geratu ostean, gipuzkoarrek garaipena eurena zela jakin izan zuten. Aldea, oso estua, 28 ehuneko besterik ez. Horiek hala, lorpenaren baieztapena jakin bezain laster, uda osoan pilatutako amorru guztia askatzeko aukera izan zuten Ama Guadalupeko mutilek. Izan ere, iaz Ligako txapeldun izan ondoren, aurten ez dira nahi bezala aritu. Gorlizekoa San Miguel Ligaren barruan Hondarribitarrek udan eskuratzen duten lehen garaipena izan zen.
Urdaibaik, aldiz, azkenean ikurrinarik gabe geratu bazen ere, San Miguel Ligan duen abantaila handitzeko aukera izan zuen. Gainera, gaur, etxean jokatuko duten estropadan, Patxi Bilbaok zuzentzen duen koadrilak denboraldia borobiltzeko aukera izango du. Zaleen babesa ez zaie faltako, Bermeoko balkoi gehienetan Bou Bizkaiaren koloreak agertzen dira. Egoera eta giro horretan, bizkaitarrek motibazio berezia izango dute bere herriaren aurrean garaipena lortu ahal izateko.
Eguneko lehen txandak jaitsierako kanporaketetan zein talde arituko diren argitu zuen. Hortaz, Cabo Da Cruzek eta Laredok aurrea hartu ondoren, Bizkaiko Arkoterentzat eta Galiziako Mekosentzat izango dira zorigaiztoko bi postu horiek.
Bigarrengoan, Pedreña Zarautzen aurretik gelditu zen. Borja Gomezenek estropada serioa egin zuten, baina ohorezko txandako traineruetatik oso urruti gelditu ziren. Izan ere, azken txandako lau traineruak¯Urdabai, Hondarribia, Castro eta Orio¯ beste guztien gainetik aritu ziren. Euren lehen ziabogan erakutsi baitzuten euren denborak aurretik aritutako beste zortzi tripulazioena baino hobea zela. Hasieratik berdintasuna izan zen nagusi txanda nagusian. Hala ere, apurka-apurka Hondarribiak eta Urdabaik txandako agintea hartu zuten. Bi traineruek lehen postua elkar trukatzen joan ziren estropada osoan. Batek aurre egin, besteak eutsi, hori izan zen bi traineruek erakutsitako jokabidea. Dinamika horren barnean heldu ziren azken ziabogara. Dena den, lehen hiru luzeetan Castro gertu izan zuten.
Baina, hirugarren ziabogaren ostean erritmoari eutsi ezinik, kantabriarrak garaipeneko borrokatik at gelditu ziren. Horiek hala, Gorlizko ikurrina Hondarribiaren edo Urdabairen arteko kontua izango zen.
Azkeneko ehun metroetara txirrindulariak izango balira bezala, esprintean ailegatu ziren bi traineruak. Azkenik, eta soilik 28 ehuneko eskasengatik, Hondarribiak nagusitu zen Gorlizko uretan.