GARA > Idatzia > Herri-kirolak

sega milakabilaka

Gabirondo eta Etxebarria izan dira erregularrenak eta onenak

Datu ofizialen arabera, 600 ikusle inguru izan ziren saioa ikusteko Santa Barbarako belardietan

p052_f02_111x111.jpg

Jon LEUNDA | HERNANI

Marialuixa Gabirondo eta Julen Etxebarria izan ziren irabazle atzo Hernanin jokatu zen proba mistoan. Datu ofizialen arabera, 600 ikusle inguru batu ziren Santa Barbarako zelaietan, Milakabilakaren aldeko jaialdi honetan. Guztira bederatzi biko izan ziren, eta bakoitzean gizonezko bat eta emakumezko bat izan ziren.

Lau proba ezberdin egin behar zituzten kirolariek. Hasteko, «ofizioa» izendatu zuten saioa egin behar izan zuten. Horretan, biko bakoitzeko segalariak batera aritu behar zuten, baina sailaren barruan enborrak zituzten, eta ahalik eta txukunen moztu behar zuten ahalik eta denborarik laburrenean. Proba horretan, Ixabel Antsa eta Joxe Gabirondo nagusitu ziren.

Bigarren proban, «koadroa» deituriko proba egin behar zuten. Delako proban segalariek sei maila ebaki behar zituzten, baina mailatik mailara egin behar zuten txanda. Norgehiagoka honetan, Yurre Olano eta Jon Lapazaran izan ziren onenak.

Hirugarren saioari, «jatena egin» jarri zioten izena, eta hor kirolariek 82 kilo ebaki behar zituzten. Ondoren, ebakitako belarra sare batean batu behar zuten pisatu ahal izateko. Kirolariek ahalik eta gehien gerturatu behar zuten eskatutako kiloetara, eta Garinek eta Kanflankak eskatutako kilo kopurua ebaki zuten, eta haiek irabazi zuten.

Azkenekoari «abiadura» proba deitu zioten, eta hor segalariek sail bat ahalik eta azkarren eta txukunen ebaki behar zuten. Saio horretan Marialuixa Gabirondo eta Julen Etxebarria izan ziren onenak.

Atzoko probetan gauza bitxi batzuk gertatu ziren, Olanok eta Lapazaranek egindakoa, esaterako. Bigarren proban onenak izan ziren, baina gainerako guztietan atzeko postuetan amaitu ziren, eta azkeneko sailkapenean, ere atzean izan ziren. Erregulartasun gutxi izan zuten.

Atzoko egunari amaiera emateko, afari batean batu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo