GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gasteizko kaleak durundaka joaldunekin

Euskal Herriko Joaldunen besta egin zuten atzo Gasteizen, eta ehunka zanpantzarren astinduek hiriko kaleak zeharkatu zituzten kalejiran. Judimendiko Joaldunak eta Momotxorroak elkarteak antolatuta, hainbat kultur ekitaldiz gozatzeko aukera izan zen atzokoan.

p023_f02_097x088.jpg

GARA |

Euskal Herriko Joaldunen Festa egin zuten atzo Gasteizen. Aurreko urteetan Nafarroako hainbat herritan izan ondotik, aurten Judimendiko Joaldunak eta Momotxorroak kultur elkarteari egokitu zaio bestaren antolakuntza. Hori dela-eta, Judimendi auzoan dantza taldeen emanaldia, txistularien kalejira, txikientzako txalaparta tailerra eta bertzelako kultur ekitaldiak izan ziren. Ekitaldi nagusia arratsaldean izan zen; 18.00etan Judimendiko Sefarad plazatik bi zutabe atera ziren, Joaldunen Biltzarrak biltzen dituen hogei taldeek osatuta. Zanpantzarren kalejirak Gasteizko kaleak gurutzatu eta erdiguneko Plaza Berriraino iritsi ziren. Bertan atsedenalditxo bat eginda, indarrak hartu eta Alde Zaharrean barna ibilita, Matxete plazan denak elkartu eta kalejira erraldoian abiatu ziren berriro ere Judimendira.

Bestetik, Ertzaintzaren bi patruila agertu ziren kalejiraren ibilbidean. Kalejira Judimendira iristear zela, sirenak pizturik eta ziztu bizian kalejiraren aurrean jarri eta bidean gurutzatu omen ziren. Autoetatik atera eta kaskoak jantzi zituzten. Dena den, ibilibideak bertze zentzu bat aurreikusia zuen, eta Sefarad plazara arazorik gabe iritsi ziren joaldunak.

Bestaren antolatzaileak ertzainengana azalpen eske joan zirenean, mobilizazio politikoa zela-eta agertu zirela adierazi zieten. Kalejiran izan ziren euskal presoen aldeko ikurra, ikurrin bat eta Palestinako ikurra eta, euren hitzetan, ondorio hori atera zuten. Antolatzaileek baimendutako kultur jaia zela jakinarazi zieten, eta jarduera hori funtsik gabekoa zela.

Dena dela, gertaera hori ez zen oztopo bihurtu, eta bestak aintzinera segitu ahal izan zen. 20.30ean perkusio talde baten emanaldia izan zen Trebiñu Konderriaren plazan, eta jarraian Joaldunentzako afaria antolatuta zegoen. Horren ondotik eta besta amaitzeko, Sefarad plazan Gozategi Anaiekin kantaldia egitekoa zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo