GARA > Idatzia > Eibar

Gorri-urdinak konfiantzaz beteta daude

Hutsunearekin amaitzeko une aproposa Eibarrentzat

2006. urteko urtarrilean Ipuruan lortutako azken garaipenari jarraipena eman nahi dio Eibarrek

 

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

2006. urteko urtarrilak 14an Eibarrek 3-1 irabazi zion Polideportivo Ejidori. Horixe da gorri-urdinek Bigarren A mailan Ipuruan orain arte lortu duten azken garaipena.

Pozez betetako hurrengo denboraldia bizi ondoren, taldeak 20 hilabete horien hutsunearekin amaitu nahi du gaur. Ez da, teorian, aurkari aproposenaren aurka saiatuko, baina badirudi Eibarrek berak une ezin hobean ekingo diola asmo horri.

Javier Mandiolak atzo onartu zuen bezela, Gipuzkoako taldea oraindik igoeraren ondorioak disfrutatzen ari da, «ziurtasun, konfiantza eta presio-falta mailan». Alde horretatik, bere isla du bai lanean baita jokoan ere. Are gehiago, hiru jaurdunaldiren buruan Eibarrek bere burua sailkapenaren erdikaldean ikusten badu. «Edozein talderen aurka lehiakorrak izateko gai garela dakigu», nabarmentzen du Manixek astero eta errealitateak ez du, oraingoz, gorri-urdinen sinismen hori ukatu.

Horregatik, eta entrenatzaileak erabilitako ereduari jarraiki, armaginek aukera handiak eduki ditzakete gaurko partidan garaile suertatzeko. Garaipen garrantzitsua, lortzekotan, Ipuruak beti izan omen baitu izugarrizko pisua taldearen ibilbidean. Askotan baliorik ez badute ere, kasu honetan estatisti- kek gauzak argi ditzakete. Bigarren A mailan aritutako azken hamarkadan, bi denboralditan bakarrik jaso ditu Eibarrek Ipuruan lau porrot baino gehiago: lehenbizikoan azken jaurdunaldian eskuratu zuen mantentzea; bigarrenean, maila galdu zuen.

Asmoa eta asmoaren garrantzia, beraz, argi daude. Baita bera gauzatzeko eibartarrek jarraitu behar duten bidea. «Egun ongi gaude -nabarmendu zuen Manixek-. Horrek ez du esan nahi Nasticek ez gaituela irabaziko, gauzak ondo egiteak ez baitu ezer ziurtatzen, baina konfiantzaz beteta gaude eta konpetitiboak izateko prest ere. Badakigu, berriz, intentsitatea jaisten badugu, egoera aldatuko dela, draft-eko azkenak izango garela berriro ere».

Lehiakortasuna

Badirudi entrenatzailearen mezua sakon sartu dela taldean, atzo onartu zuenez, arazoak izango baititu deialdia egiteko orduan -gaur bertan, partida aurretik, egingo du-, jokalarien erantzuna ikusi eta gero. «Konturatu dira zer-nolako lehiakortasuna eta exijentzia dauden maila honetan; ehuneko ehunean egon behar dute eta ez dago hobetzeko denbora emateko aukera. Jokalariak konturatu dira -azaldu zuen- eta, hori dela-eta, arazoa kanpoan utzi behar dudan jendea erabakitzea izango da. Aurreko hamaikakoetan egondako bat edo bat deialditik kanpo gera daiteke ere».

Lehen partidako hamaikakoan, beharbada, Manixek azken bietakoa errepikatuko duela baitirudi. Ez da eibartarraren ohiko jokaera, baina berak aitortu zuenez, oso pozik dago jokalari horiek erakutsitako irudiarekin.

Horiek hala, aldaketak Nasticen aldetik helduko dira; Oscar Lopez, Juanmi Garcia eta Sebastian Chabaud Tarragonan geratu dira; Entrenatzaile Javi Lopezek, aldiz, Roberto Jimenez, David Medina eta Tati Maldonado berreskuratu ditu.

EIBAR - NASTIC
IGOERA

Eibar igoeraren ondorioak disfrutatzen ari da oraindik, Manixen esanetan, «ziurtasun, konfiantza eta presio-falta mailan». Horrek islatzen da, bai lanean baita jokoan ere.

«arazoak»

Deialditik kanpo zein lagatzea izan daiteke entrenatzailearen «arazoa», jokalariek mailaren lehiakortasunari eta exijentziari eman dieten erantzuna ikusita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo