Berria Itziar Alkorta 2007/9/19
Definizio arriskutsuak
Britainia Handiko Giza ernalkuntzaren eta enbriologiaren agintaritza arauemaileak (HFEA) zelula amen gaineko ikerketarako gizakiaren eta animalien arteko enbrioiak -enbrioi hibridoak- sortzeko baimena eman berri du. (...)
Erabaki horren kontra agertu dira Britainia Handiko zenbait talde, Eliza Katolikoaren ingurukoak bereziki, gizakiaren eta animalien arteko enbrioiak sortzea etikoki gaitzesgarria ei delako. Iritzi publikoaren gehiengoa berriz (...) alde agertu da, baldin eta ikerketa horiek beharrezkoak badira, aurrera pauso terapeutikoak bermatzeko eta kontrol neurri zorrotzak jartzen badira, legeak agintzen duenez, espezie-arteko klon hori ez dadin hamalau egun baino hareago bilaka, eta emakume batengan inoiz inplanta dadin eragozteko.
(...) Lege britainiarraren bilakaera aztertzerakoan deigarria da ikerlarien beharrak asetzeko, lehen bertsiotik hona giza enbrioiaren definizioak jasan duen aldaketa. Hasiera batean, giza hazitik sortutakoak besterik ez ziren giza enbrioitzat hartzen, pixkana, ordea, definizio hori zabaltzen joan da, eta egun giza DNA duen edozer izan daiteke gizaki, klonazio terapeutikoaren edo hibridazioaren ondorioz sortutakoa bada ere. Horren arrazoia da, 1990eko legeak ezartzen dituen mugetara, hots, hamalau eguneko gehienezko bilakaera eta emakumearen baitan inplantatzeko debekua, erakarri nahi direla en- brioien gaineko esperimentu guztiak. Horrenbestez, Britainia Handian nahiago dute klona nahiz hibridoa gizaki kontsideratu legez kanpo utzi baino... (...)