GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Javier Carlos de Bergara Euskal Trenbide Sarea-ko presidenteorde ejekutiboa

Errutinak aldatzea ez da horrenbeste kostatzen

Gure jarreran aldaketa txikia eginez laguntza handia emango dugu etorkizun atseginagoa, iraunkorragoa eta gure ondorengo belaunaldientzat hobea lortzeko

Mugikortasun iraunkorraren azken helburua partikularrek eta profesionalek garrai- obideak era arrazoizkoan erabiltzea da. Azken finean, gure errepideetan dabilen ibilgailu kopurua murriztea da helburua, egunero automobilek sortzen dute atmosferaren kutsadura eta hots kutsadura gutxiagotu ahal izateko.

Datu batzuek ez dute zalantzarik uzten: egunero automobilez egiten diren joan-etorri guztien herena inguru bi kilometro baino gutxiagokoak dira; mendebaldean ibilgailuen batez besteko okupazioa ez da ibilgailu bakoitzeko bi bidaiaritara heltzen; garraio sektoreak eragiten dituen CO2 emisioen ia %40 hirietako ibilgailu partikularrek sortzen dute.

Hala ere, autoa ezinbestekoa da gure eguneroko bizimoduan. Laneko beharrengatik, garraio publikorik ez dagoelako, aisialdia dela eta, edo gure erosotasunagatik, besterik gabe. Ahal dugun guztietan autoa hartzen dugu. Eta, gehienetan, bakarrik joatea atsegin dugu. Etxean ia entzun ezin dezakegun irratia edo musika entzuten.

Eta, gure etxetik gertu bizi den lankide horri galdetu ere ez diogu egiten lanera joateko ibilgailua konpartitzerik nahi duen! Eta dena, batez ere, erosotasunagatik. Badakigu gure jarrerarekin lehen aipatu ditugun estatistikak indartzen ari garela. Baina, hala ere, horrela jarraitzen dugu. Beharbada, gure eguneroko jardunean buru belarri sartuta gaudenez, ez dugulako pentsatzen gure jarrerak zein ondorio izan ditzakeen.

Pertsona guztiak parte hartu behar dugu arazo horren konponketan. Baita erakundeak ere. Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea Erakunde Publikoa Euskadiko trenbide azpiegituren kudeatzailea da. Erakun- dea sortzean argi eta garbi ikusi da Eusko Jaurlaritzak trena etorkizuneko garraiobide gisa bultzatzeko duen asmoa, kalitate, segurtasun, eraginkortasun eta iraunkortasun parametroetan oinarrituz, ikuspegi hirukoitzetik, ekonomiaren, gizar- tearen eta ingurumenaren ikuspegitik, alegia.

Trena XX. mendearen hasierako euskal gizartearen aurrerapen ekonomikoan asko lagundu zuen elementu egituratzailea izan zen, eta oso elementu garrantzitsua izango da, baita ere, XXI. mendeko Euskadiren garapen iraunkorrean. Hori da gure helburu nagusia, eta horretarako lanean ari gara hainbat aldetatik: EuskoTrenek erabiltzen duen eta une honetan martxan dagoen sarea finkatzen eta hobetzen; prestazio altuko linea berria eraikitzen; Bilboko trenbide metropolitarraren -metroaren- 2. linea amaitzen; edo Euskadiko Autonomia Erkidegoko biztanle gune nagusietan tranbia modernoak ezartzen.

Jarduera horiek guztiak, pertsonen eta merkantzien mugikortasuna erraztuko duten modernotasun, iraunkortasun eta iristerraztasun irizpideetan oinarriturik diseinatu dira, gure trenbide sistema XXI. mendeko Europako trenbide sistemaren barruan sartu ahal izateko.

Ez da beti erraza izaten eguneroko errutinak aldatzea, bizitza erosoagoa egiten dituzten haiek batez ere. Hala ere, gure jarreran aldaketa txikia eginez laguntza handia emango dugu etorkizun atseginagoa, iraunkorragoa eta, inolako zalantzarik gabe, gure ondorengo belaunaldientzat hobea lortzeko. Esandako guztia geureganatzea baino ez da falta. Horrela egiten badugu «Guztiontzako kaleak» lortuko ditugu, baina ez astebeterako bakarrik, urte osorako baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo