GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Ayarragarayren ondarea

Mundu zabalean dira ezagunak Iguazuko ur jauziak. Argentina, Brasil eta Paraguayk egiten dute bat Amerikako bazter ikusgarri horretan. Parana eta Iguazu ibaiek zehazten dituzte hiru herrialdeen mugak. Ur jauziak izen bereko parke naturalean daude. 75.000 hektarea ditu guztira parkeak, hiru zatitan banatuak. Zatirik handienean sartzea debekatuta dago, oihanik sakonenean, inork ez du han sarrerarik. Bigarren zati batean zientzilariek dute soilik sarrera. Eta hirugarren bat bisitarientzat dago egokitua, ur jauziak dauden tokia, hain zuzen.

Mundu zabalean dira ezagunak ur jauziak baina ez da horren ezagun izango lurrok noren esku egon ziren parke natural bilakatu aurretik. Bada lurrok, eta baita ur jauzi ezaguna ere, euskaldun baten esku zeuden duela mende bat. Ez zen paraje haietara iristen zen lehen euskalduna. XVII. Mendean iritsi ziren lehenak hara, misioetara joandako jesuitak. Hortik datorkio probintziari izena, Misiones.

Baina horiek beste garai batzuk ziren, eta goazen harira. Domingo Ayarragaray zuen izena ur jauzi famatuetako lurren jabeak. Gizon bizia izan behar zuen Ayarragarayk eta negozioetarako abila. Beste euskaldun bati erosi zizkion lurrak 1907an, Martin Errecaborde izeneko bati. Eta Errecabordek atzera Gregorio Lezamari erosiak zizkion urte batzuk lehenago. Eskutik eskura igaro ziren lurrok eta beti euskaldunen artean. Hirurak ere mendiko lanetan trebatuak.

Ayarragarayk basoko egurra saltzeko erosi zituen lurrok. Horixe zuen hasierako asmoa seguruena. Horixe diote behintzat. Baina berehalaxe konturatu zen ezohiko jendea hurreratzen zela ur jauzietara eta inguruko basoetara. Biologoak, geografoak, ornitologoak agertzen ziren bertatik lantzean lantzean. Eta baita militarrak ere, nola ez. Bisitariak gero eta gehiago ziren paraje haietan. Gauzak horrela, egurretarako ezezik beste negozio batzuetarako aukera ere bazegoela konturatu zen gizona. Horrelaxe, Ayarragaray berak eraiki zituen ur jauzietara hurreratzeko lehen pasabideak, eta hotel txiki bat ere altxatu zuen, ur jauzietatik harra bete bidera. Pixkanaka pixkanaka, tokia entzutea hartzen joan zen. Argentinazo gobernuak lurrak erosi nahi izan zizkion arte. Horiek ere ez pentsa ekologian pentsatzen zutenik, presa handi bat egin nahi zuten elektrizitatea egiteko. Baina lan nekeza zen hura garai haietan. Oihanak indar handiegia zuen eta bertan behera utzi zuten asmoa. Azkenik, Iguazu-ko parke naturala Portu zen 1934an, Domingo Ayarragaray euskaldunaren lurretan.

Gauzak asko aldatu dira ordutik hona. Garai batean dena zen oihana. Ayarragarayren lurrak eta baita inguruko guztiak ere. Gaur egun ez da horrela. Ayarragarayren asmoa egur hura guztia saltzea izando zen hasiera batean eta gauzak nola diren orain haren lurretan da soilik jatorrizko oihana. Gainontzeko guztia pinudiz josita dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo