Julen MURGOITIO
Amari lur maitea (eman)
Ama Lur maiteari zuzendutako eskutitza jaso dut aste honetako GARAren barruan. Zure seme-alabak sinaduraz, barkatu Ama baina demokrazia honetan esku-hartzea motzagoa denez Askatasunak deitu manifak baino, ez didate aukerarik eman nik neuk propio sinatzeko!; eta berrogeitik gorako konpromisoen konpromisoaz. Pozik egon beharko duzu honezkero, Ama Lurra, zure seme-alaba euskaldunon hitzarekin. Lur Amak berak ere, seguruenik, pozik beharko. Zer uste zenuen, Ama Lurra, euskaldunok geure Amari lurra emango geniola? Inondik inora ere ez, zelan lurra eman zuri herri honetan dugun zoru eskasiarekin? Baina hori bai, orain artekoan txarto eginaz behingoz konturatu eta horra zaku bete konpromiso hartu berri dugula zurekin. Oraingoan serio doa apustua, Ama; ez duzula gure hitza sinesten? Egizu apustua bada! Orain sakelako telefonoz egin dezakezu zuzenean, laurogei zentimo minutuan BEZez gain. Baietz ba, demontre Ama! serio goazela oraingoan, ez ote dakizu amaituta dagoen sasi-prozesuan konpromiso bat bera ere ez zela bete eta horrexegatik guzti-guztiak zakuan direla libre, garbi? Bada, horiexek baliatu nahi ditugu orain iraungitze datak antzutu aurretik.
Ama! Aelakoa zaren! Aita sinestuna zen behintzat! Begira, sinesgogor hori, begira gauzatzen hasi garen konpromisoak, eta hau hasiera baino ez da. Horra, kasuko, jelkideen ponentzia politiko berria; hain da zurenganako errespetuzkoa EBBko momentuko buruak berak argi eta garbi aitortu behar izan duela: ez dut toailarik botako! Ez al duzu hitzotan konpromisoen aldeko erabateko apustu eraberritua sumatzen, Ama? Ez duela toaila botako! Pentsaezinezkoa zen hori orain denbora gutxi; toaila gorde egin du, berriz erabiltzeko urak bere errotara doazenerako, berrerabilpenari kristoren aupada praktikoa emanez. Kontsumo iraunkorra, Ama! Eta beste hau, zer? e? auto gabeko eguna antolatu dugu, Ama! itzela gero apustua! Gauzak ondo atera ezkero mende amaierarako egun bi nahi ditugu horrelakoak, bai, urte bisustuetan sikiera. Zer diozu, Ama? Zertara datorren errepide berrien eta zaharren zabaltzeen zerrendatzar hori? Mese- dez, Ama, erretxina halakoa! Zer erradikal paratu zaren aita bialdu zenuenetik! Ez da autoentzat, auto-gidarien lasaitasunerako baino. Psikologia kontua, Ama! Harrobiak? Euskal instituzioetan piper-potoa ainguratzeko zementu-iturri. Ama, demontre! Toailarena dela seinale!