GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gasteizko ganberako Kultura batzordeak liburutegien lege egitasmoa onartu du

Ezker Abertzaleak ez du lege egitasmoaren alde egin, Euskadiko Liburutegia deritzonari Euskal Liburutegi Nazional izena emateko prosamena onartu dieten arren, beste hainbat zuzenketa ez baitizkiete hobetsi.

GARA |

Lakuako Hezkuntza eta Kultura Batzordeak Liburutegien Legearen proiektuaren txostena onartu du, Ezker Abertzalea taldearen eskaera bat aintzat hartuta: Euskadiko Liburutegia izenaren ordez Euskal Liburutegi Nazionala erabiltzea. Horren aitzinean, PSEk boto partikular bat aurkeztu du. Idatzi horretan, alderdi honek eragozpena adierazi diote lege proiektuan honako termino berri hauek sartzeari: Euskal Liburutegi Nazionala eta Euskal Bibliografia Erregistroa. «Lege proiektuan jasotzen den jatorrizko testuari eustea» dute helburu.

Ostiralean onartu zuen Hezkuntza eta Kultura Batzordeak Liburutegien Legearen proiektuaren txostena, Ezker Abertzaleak proposatutako zuzenketa egin ondotik. EAJk, EAk eta Aralarrek aldeko botoa eman zuten; PPk kontrakoa, eta PSEk ez bozkatzea erabaki zuen. Dokumentua Ganberako Osoko Bilkurara eramanen dute behin betiko onar dadin.

Modernoak eta eskuragarriak

Lege proiektuak xede bat dauka, liburutegien alorrean erregulazio berezi bat ezartzea, azpiegitura eta zerbitzu «modernoak, koordinatuak eta eskuragarriak» lortzeko.

Nahiz eta Euskadiko Liburutegia izena aldatzeko zuzenketari baiezkoa eman dieten, Hezkuntza biltzarra bukatu eta gero, ez duela lege-proiektuaren alde bozkatuko jakinarazi zuen Ezker Abertzalea taldeak. Oraindik ez zuen erabakia abstentzioaren aldeko hautua eginen duen edo egitasmoa baztertuko duen. «Beste proposamen asko dugu, onartuak izan ez direnak. Ez da oso kontuan izan euskal nortasun nazionala», azaldu zuen talde abertzaleko legebiltzarkide Itziar Basterrikak lege egitasmo honen gainean.

Bestalde, PPk Ezker Abertzalearen zuzenketaren aurka zergatik egin zuen arrazoitu zuen. Alderdi horren ustez, talde abertzaleak Euskadiko Liburutegiari erreferentzia egiteko planteatzen duen nazional terminoa «ez da neutroa». Horregatik egiten dio uko kasu horretan erabiltzeari.

Arrazoi horrengatik, PPk ohartarazi zuten ez dakitela Osoko Bilkuran proiektuaren txostenari babesa emanen dioten ala ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo