ZINEMALDIA
Indarkeriak umeengan duen eragina erakutsi du Makhmalbaf iraniarrak
«Buda lotsaren lotsaz suntsituta». Hori da Hana Makhmalbaf iraniarraren lehen film luzea. Gazteak, hala ere, badu zine munduan esperientziarik zinemagile familia baten kide baita; bere ahizpa Samira Makhmalbaf zuzendaria da eta aita ere zinemagilea du, Mohsen Makhmalbaf. Anaiak eta amak ere zine munduan egiten dute lan. Pelikula horrekin Urrezko Maskorra lortzeko lehiatzearekin batera, Fundación Altadis zuzendari berrien saria ere jaso dezake.
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Hana Makhmalbaf jatorri iraniarreko gaztea 9 urte besterik ez zuela «The Day My Aunt Was III» film laburrarekin hasi zen zinearen munduan buru-belarri sartzen. Ez zuen zail izan hala ere, izan ere, bere familia osoak du zerikusia zinemagintzarekin: aitak, Mohsen Makhmalbafek, hainbat film zuzendu ditu eta baita bere ahizpak ere, Samira Makhmalbafek, besteren artean «Arratsaldeko bostetan» filmak du bere zigilua.
Zuzendari gaztea «Buda lotsaren lotsaz suntsitua» lana aurkeztu du Zinemaldian. Afganistanen sartzen gaitu filmak, talibanek suntsitutako estatua ikusgarriaren pean, zehazki. Baktay umea da filmaren protagonista. Neskatilak ikasi egin nahi du, baina ikasketak ez omen dira nesken kontua eta gorabehera ugari izaten ditu, eskolara joateko koaderno eta arkatz bat erosteko lehenik, eta eskolara iristeko ondoren. «Abbas, neskatila eskolara eramaten duen mutikoak, badu ikasteko aukera, baina ikasten eta ikasten saiatzen bada ere, ez du aurrerapausorik ematen. Mutiko hau gizartearen sinboloa da», argitu zuen gazteak.
Historia horren guztiaren atzean indarkeriak umeengan uzten duen aztarnaren berri eman nahi izan du zuzendariak. «Azken bi hamarkadetan sarraskia izan da herri honetan, ume askok euren gurasoak nola hiltzen zituzten ikusi dute eta horrek ondorioak eragin ditu umeengan», azaldu zuen. Filmeko umeek inguruan ikusitakoa errepikatzen dute; gerra egitera jolasten dira, neskatilak politak izateagatik harrikatu nahi dituzte, ezpainak margotzeagatik, edota txiklea jateagatik.
Haurren historioa
Umeak dira hortaz, filmeko protagonista lana egiten dutenak eta eurekin lan egin ahal izateko Makhmalbafek jolas moduan planteatu zien lana. «Beraientzat joko baten modukoa zen. `Etorri jolastera' esaten nien eta horrela egiten genuen lan», azaldu zuen.
Protagonistak bilatzerako garaian zuzendariak 1.000 umetik gora ikusi zituen, eta azkenean 100 ingururi egin zien froga. Bakhaty, protagonista nagusia den neskatila, zeukan «on aurpegiarengatik eta helarazten zuen energiarengatik» aukeratu zuela ere argitu zuen gazte iraniarrak.
Bakhatyek azkenean ez du lortzen ez alfabetoa, ez filmean dioen moduan «historio politak» ikastea, baina bai «bizitzeko batzuetan hil egin behar dela», esan zuen Makhmalbafek.
Hana Makhmalbaf zuzendariak filmaren izenburuaren itzulpena dela-eta, berak adierazi nahi duenarekin lur jota geratu esaerak «Buda lotsaren lotsaz suntsituta» baino zerikusi gehiago duela argitu nahi izan zuen.
Jatorrizko izenburua: `Buda az Sharm foru rikht'.
Zuzendaritza: Hana Makhmalbaf.
Interpreteak: Nikbakht Noruz, Abdolali Hoseinali eta Abbas Alijome.