TAT: «Hildakoen memoria gara, 7.000 torturatuena»
ildakoen memoria gara, 7.000 torturatuen memoria bizia gara. Zein garen dakigun bezala, badakigu nora goazen, torturarik gabeko Euskal Herri libre bat bilatu nahi dugu. horretan gabiltza», adierazi zuen TATek. Urnietako plaza txaloz lehertu zen. H
Orain dela hamalau urte, irailaren 24an, Gurutze Iantzi urnietarra atxilotu zuen Guardia Zibilak. Bizirik eraman zuen Tres Cantosko kasernara, baina hilotz etxeratu zuen, plastikozko poltsa batean. Egun berean, Xabier Kalparsoro zumaiarra hilzorian atera zen Indautxuko polizia-etxetik. Bi egun geroago zendu zen erietxean. 31 eta 26 urteko gazte horiek omentzeko eta zokoratutako historiaren zati bat azaleratzeko asmoz, TATek ekitaldia egin zuen atzo arratsaldean Urnietako plazan.
Zazpietarako hamaika lagun bilduak ziren kioskoaren aitzinean: aiton-amonak, gurasoak, lagun koadrila gazteak, eta haurrak ere bai. Gitarra doinuek egin zieten ongietorria. «Estatuari gerra beti, bakean utzi arte», kantatzen zuen ahots goxo batek Gurutze Iantziren argazki baten ondoan. Azpiko pankartak justizia eskatzen zuen: «Egia aitortu, errespetatu».
Musikak poesiari utzi zion lekua. «Zer gertatzen da kristala kolpatzen baduzu? -galdegin zuen bertze ahots ezti batek-. Ez al da txikitzen mila zatitan? Eta zati horietako bakoitza ez al da mila zatitan desegiten berriz kolpatzen duzunean? Eta hanka gainean jarrita, ez al da xehetzen ia ezabatzeraino, hauts bihurtzeraino? Eta gu? Zer gara gu haien eskuetan? Kristal hauts xehetua gara?».
«Kristala txiki dezakete; ez handik ikusitakoa. Ezin da den-dena apurtu, ezin da», baieztatu zuen. «Hil zizkiguten lagunen oroitzapenak, esate baterako, ezin dituzte apurtu. Aske izateko borondate hau, esate baterako, ezin dute apurtu, haien jo eta apurtzeko borondatea baino handiagoa delako».
Historia guztia
Hunkigarria izan zen poemaren irakurketa; are hunkigarriagoa Gurutze Iantziren eta Xabier Kalparsororen amak txalo artean oholtzara goititu ziren unea. Aurreskua dantzatu zuten beren ohorez, baita lore sorta bana oparitu ere. Bi emakumeak taula gainean zirela, Juan Karlos Ioldi Torturaren Aurkako Taldeko kideak ekitaldia egiteko arrazoiak azaldu zituen. «Garai hauetan, hainbeste entzuten dugunean memoria historikoa berreskuratu behar dela, guk esaten dugu memoria guztia berreskuratu behar dela», ohartarazi zuen. Era berean, jakinarazi zuen ez dutela plakarik nahi, historia guztia kontatzea baizik.
Juan Carlos Alberdi Martiarena Krakas 1988an Herrera de la Manchan hil zena ere ekarri zuten gogora Urnietan. Bilbon, berriz, ezker abertzaleak Egoitz Gurrutxaga errenteriarrari eta Hodei Galarraga zaldibiarrari omenaldia egin zien Aita Donostia Plazan. Galarraga eta Gurrutxaga 2002an hil ziren Basurton kotxean zerama- ten lehergailuak eztanda egin ondoren.
Maider IANTZI