GARA > Idatzia > Pilota

San Mateo Torneoaren finala

Bi bikote erakargarri udari amaiera polita emateko

Olaizola II-Lasa III eta Bengoetxea VI-Barriola bikoek jokatuko dute gaur Logroñon udako azken finala

p055_f01_148x108.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Iritsi da udako azken final garrantzitsua, garrantzitsuena agian. Olaizola II-Lasa III eta Bengoetxea VI-Barriola bikoteak San Mateo Torneoko garaipenaren bila abiatuko dira gaur Logroñoko Adarraga pilotalekuan (18.15, ETB-1). Titinek, etxeko izarrak, jokatu ez arren, partidak sekulako ikusmina piztu du bi bikoteek eman dezaketen maila ederra aurreikusita.

Zentzu horretan, eta urdinez jokatuko duten arren, Leitzako bikotea da ligaxkako bi neurketetan itxura onena eman duena. Donostiako Torneoan jokatu zuten elkarrekin lehen aldiz Oinatz Bengoetxeak eta Abel Barriolak eta lehiaketa hura irabazi egin zuten sekulako maila emanda. Errioxan ere jokatu dituzten bi neurketak irabazi egin dituzte eta batera jokatuz gozatu egiten dutela ikusten da.

Abel Barriolaren jokoak, bereziki, sekulako abantaila ematen dio bere aurrelariari. Atzelaria bere ibilbideko unerik gozoenetako batean dago eta ikaragarri laguntzen dio Oinatzi defentsa lanean. Bizkarrak ongi zainduta dituela jakinda, Bengoetxearen erasoko jokoak ere asko irabazten du. Ligaxkan, 15ean utzi zituzten Irujo eta Begino, eta 12an Titin eta Otxandorena.

Parean, ordea, ez dute edonolako bikotea izango. Aurrean buruz buruko txapelduna, Aimar Olaizola, eta atzean Oskar Lasa, uda honetan Iruñeako eta Gasteizko Torneoak irabazi dituen atzelari gogorra. Ligaxkan erakutsitako jokoari dagokionez, ondorio gutxi atera daitezke. Lehen norgehiagokan oso itxura kaxkarra eman zuten Koka-Zearraren kontra 22 eta 20 galduta. Ostiralean, ordea, askoz txukunago ibili ziren eta argi xamar gainditu zituzten Olaizola I.a eta Pascual (22-13).

Gaurko finalerako eska dezakegun bakarra, inork materiala aitzakia moduan ez jartzea da. Izan ere, Aimar oso haserre azaldu zen asteazkenean eta bi egun geroago Asier bere anaia izan zen pilotekin erabat disgustura geratu zena.

Ardoa, Aspekoentzat

Bestetik, Gonzalez eta Eulatek larri-larri lortu zuten garaipena Marco Real ardo etxeak proposatutako desafio berezian. Aspekoek 22 eta 21 hartu zituzten mendean Asier Olaizola eta Aritz Begino, eta beraiek eraman zituzten etxera jokoan jarritako 1200 ardo botilak.

Neurketak gora-behera dezente izan zituen. Olaizola eta Beginok indartsu ekin zioten partidari eta 10-6ko emaitzarekin aurreratzea ere lortu zuten. Hortik aurrera, ordea, batzuen akatsak besteen tantoekin nahasten hasi ziren eta urdinek buelta eman zioten markagaiuluari: 11-18. Azken txanpan indarrak asko berdindu ziren eta Eulatek hobeto eutsi zion lehiari.

Logroño

Mikel Goñi-Zubieta 22 / Retegi Bi-Peñagarikano 14; Olaizola I-Begino 21 / Gonzalez-Eulate 22; Agirre-Argote 13 / Berasaluze IX-Apeztegia 18.

Galarreta

Zalakain-Etxezabal 35 / Zulaika-Zubizarreta 24; Zeberio II-San Miguel 23 / Altuna II-Lizaso 40; Uterga-Iriarte 34 / Bereziartua-Eizagirre 40; Sarasua-A.Lekunberri 30 / Matxin III-Auzmendi 27.

Huarte

Gorriz-Agirrezabala 27 / Larrea-Gaztelu 35; Ezkurra-Olazar 36 / Urriza-Urrutia 40.

Munitibar

Alberdi II-Alberdi III 30 / Arrieta-Barrondo 35; Arriaga 21 / Lander 30.

Logroño (17.00)

Capellan-Galarza VI / Arretxe II-Mendizabal II; Olaizola II-Lasa III / Bengoetxea VI-Barriola; Berasaluze VIII-Eskudero / Del Rey-Merino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo