GARA > Idatzia > Eibar

Etsai txarrena bisitatzeko unerik onena

Jaitsitako hiru taldeen aurka ederki aritu ondoren, Eibarrek, ibilbide onari eusteko asmoz, Malaga bisitatuko du, lau garaipen lortu dituen taldea

p048_f05_091x140.jpg

 

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Egun inork aukeratuko ez lukeen etsaiaren aurka arituko da gaur Eibar. Malagak jokatutako lau partidak irabazi dituen talde bakarra da, ikaratzen duten zenbakiekin, gainera, guztira hamaika gol sartu baititu eta hiru besterik ez baititu jaso.

Gorriurdinek, baina, ez daukate beldurrik, izan ere, liderra bisitatzeko unerik egokiena izan daitekeela uste dute. Eta egia izan daiteke, Eibarrek berak denboraldia nola hasi duen kontuan hartuta.

Igo berria den arren, Javier Mandiolaren taldeak joko ona egin eta emaitza dotoreak lortu ditu denboraldi hasiera honetan. Eskuratutako zazpi puntuak, gainera, arerio zailen aurka heldu dira, gipuzkoarrek hasieratik zeukaten konfiantza giroa indartuz.

Ulergarria da, gauzak horrela, talde gorriurdinak baikortasunez ekitea gaurko norgehiagokari, oso aurkari gogorraren aurka arituko direla onartzen badute ere.

Manixek, alderdi horretatik, argi dauka Malagak izugarrizko taldea daukala. «Ordezkoak ere partidak erabakitzeko gai dira», nabarmendu zuen entrenatzaile eibartarrak. Gainera, badirudi «hankak lurrean dauzkatela. Apaltasun mezuak bidaltzen dituzte» eta hori «lagungarria» izan daiteke beren helburuak lortzerakoan, bere ustetan.

Baina antzerako zer edo zer gertatzen da Eibarrekin berarekin. Ordezko armaginek punturen bat lortu dute eta, ohi denez, apaltasunez ekin diote denboraldiari. Apaltasunez bai, baina ez beren burua gutxietsiz.

Azken finean, «danok gara Bigarren mailako taldeak», gogorarazi zuen Manixek eta, bere talderaren ibilbidea ikusita, uste du andaluziarrak ez direla «gure gainetik pasatuko». Are gehiago, entrenatzaile gorriurdinak «konfiantza osoz» bidaiatu zuen. «Ez dakit zer gertatuko den, baina badakit zer edo zer gerta daitekeela. Nere taldeak edozeini nahigabe bat emateko ahalmena dauka», nabarmendu zuen.

Gauza bera uste du Juan Ramon Lopez Muñizek. «Sufritzeko prest egon behar dugu, Eibarrek zailtasun asko sortuko baitizkigu», abisatu zuen Malagako entrenatzaileak. «Ez da etorriko hasierako emaitza defendatzera bakarrik».

MALAGA - EIBAR
Martino eta Goiria taldean sar daitezke

Javier Mandiolak irudi ona ematen ari den taldea ez ukitzea nahiago izan du orain arte, baina nahi ta nahiez egin beharko du gaurkoan, Txiki eta Codina minduta baitaude.

manel errekuperatu da eta hamaikakoan egoteko aukerak izan ditzake. Raul Garcia eskumaldera mugituko da, Dani Martinoren debutari bide emanez. Codinaren ordezkoari dagokionez, eta astean egindako probei jarraituz, badirudi Yagüe eskumaldean jarriko dela eta puntan hasieratik Asier Goiria egongo dela, orain arte oso minutu gutxi jokatu duen jokalaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo