GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Gerra hasi, gerra amaitu

Gaur da Gudari Eguna ezker abertzaleen egutegian. Gaur bezalako egun batean, 1975ean, fusilatuak izan ziren Jon Paredes Txiki, Anjel Otaegi, Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena, azken hirurak FRAPeko kideak. Francoren garaia zen, egia da, baina apenas ez da tartetik izan azken 32 urteetan hildako politikorik egon ez dena. Indar batek edo besteak eraginda, norbaitek ordaindu du larrutik komunikazio eza.

Guda horixe baita, komunikazio falta, hitzaren bidez elkar ulertu ordez, indarraren bidez helarazi aurkariari mezua. Carl von Klausewitz-en esaldi ospetsuak dio gerra dela politikari segida ematea baina beste baliabide batzuk erabilita. Ez da guztiz egia, politikaren helburua akordioak lortzea delako, elkarbizitza ezartzea, giza taldeak batera bizi daitezen guneak sortzea. Gerrak ez du helburu bera. Ez behintzat Klausewitz-ek zekusan moduan.

Militar prusiarraren pentsamendua zen gerra behin hasiz gero, ezin dela amaitutzat eman etsaia armagabetu eta guztiz suntsitu arte. Bere hitzekin esateko, «gerra da bortizkeria erabiltzea arerioa behartzeko gure nahia bete dezan». Hau da, arerioa ezereztu behar da, deuseztatu zeharo, burua altxaezinean utzi. Horregatik ez zuen maite frantsesekin ituna egitea. Horregatik zerbitzatu zuen tsar errusiarraren armadan Prusiak eta Frantziak hitzarmena egin zutenean, eta horregatik gozatuko zuen Waterloon 1815ean, prusiarrek eta britaniarrek Napoleon handia umiliatu zutenean.

Gerra ulertzeko modu honek oin-harria jartzen du hurrengo gerra inkuba dadin. Gertatu zen Lehen Gerraren amaieran Versalles Itunarekin 1919an, gertatu zen Bigarren Gerran Yaltako eta Postdam-eko bilkuretan 1945ean, gertatu zen 1929an Serbia Jugoslavia bihurrarazi zutenean, eta gertatuko da «bakea» dekretoz ezarri nahi den bakoitzean, komunikazioari muzin egiten zaionean.

Gerraren amaiera, ordea, beste modu batera uler daiteke. Ez da halabeharrez izan behar arerioaren suntsiketa, baizik eta parteek euren artean adosten duten ituna, zeinen bidez gatazkari bukaera ematea erabakitzen duten, umiliaziorik gabe.

Horrela ulertu zuen Sun Tzu txinatarrak K.a. 400 eta 320 urteen artean idatzitako «Gerraren Artea» liburuan. Berak zioen gerra ezinbestekoa dela estatuentzat, bizitza eta heriotza menderatzea delako, hau da, inperio- aren biziraupena ala suntsipena, eta bost elementu aipatu zituen kontrola bereganatzeko: dotrina, denbora, eremua, agintea eta diziplina. Horiek menderatuz gero, lor daiteke garaipena.

Garaipena, ordea, Sun Tzuren aburuz, ez da arerioa suntsitzea. Garaipena da borroka egiteari utzi egiten zaionean, hiriari setioa kentzen zaionean, etsaia estrategiaren bidez garaitzen denean.

Gerrari hasiera ematea ez da zaila. Amaitzea da zailena, are zailagoa luzea izan bada. Non gelditu dira hasierako helmugak, nola ez nahastu premiazkoa eta funtsezkoa eta, batez ere, nola bete hutsunea. Gerraren dinamikak espazio osoa hartu ondoren, nola hasi berriz ere normaltsuna eraikitzen. Zer da «normala»?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo