Bergaran «argi daukate» datorren urriaren 7an milaka euskaltzale bilduko direla
Dena prest dute Aranzadi Bergarako ikastolako ordezkariek datorren urriaren 7an milaka euskaltzale udalerrian jasotzeko. Sei kilometro eta erdiko ibilbidea izango du 2007ko Kilometroak jaialdiaren edizioak.
Gari MUJIKA |
Aste eta erdiren buruan milaka euskaltzale jasoko ditu Bergarako herriak 2007ko Kilometroak edizioa dela-eta. «Argi daukagu» lemapean, datorren urriaren 7an, igandea, Debabarrenako udalerriak euskaltzaleen jaialdi erraldoia antolatuko du, ibilbideak 6.510 metro izango ditu eta sei gune izango dira. Aurtengo antolatzailea den
Aranzadi ikastolaren proiektuak garatzeko diru-iturriak eskuratzea zio izateaz gain, ikastolen proiektuaren aldeko eguna ere izango da urriaren 7koa, betiko legez.
Ikastolen Elkarteak Donostian duen egoitzan egindako agerraldian, euskaltzaleen jaialdiaren xehetasunak azaldu zituzten. Kilometroak 07ko antolatzaile Igor Elortzarekin batera, prentsaurrekoan, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakari Arantza Manterola, Aranzadi Ikastolako zuzendari Patricia Urrutia eta bertako ordezkari Angel Mari Eguren izan ziren.
Hala, 2007ko Kilometroak aurkeztean ondoko xehetasunak eman zituzten hastapenean: aurten Bergaran ospatuko den Kilometroak jaiaren zirkuituak 6.510 metroko itzulia osatuko du, eta nahiz eta udalerriko natura gunea eta hirigunea uztartuko dituen, batik bat, eta nagusiki, ibilbide urbanoa izango dela aurreratu zuten. Hori bai, kasik erabat laua izango da.
Ibilbideak ez ditu Bergara eta inguruetako errepideak ukituko baina herriko eraikin ikusgarrienak ikusteko parada emango du. Zirkuituan barneratzeko hiru sarrera izango dira.
Sei zerbitzu gune nagusi
Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute. Halere, autoa erabiliko dutenentzako aparkalekuak egongo dira.
Autobus antolatuentzako 240 ibilgailu jasotzeko prestatuta dagoen aparkalekua egongo da Bergarako hegoaldean. Gainera, Pesa garraio enpresak ere zerbitzu bereziak antolatuko ditu; kasu batzuetan ordu laurdenero. Eta Bergara inguruko udalerrietatik ere autobusak izanen dira.
Autoz bertaratzea erabakitzen dutenentzat, ostera, lau aparkaleku prestatuko dituzte; orotara, 9.200 autorentzat izango da tokia. Zalantzak izanez gero, www.kilometroak.net webgunean kontsultatzeko aukera dago.
Bestalde, sei kilometro eta erdi pasatxo izango dituen ibilbideak sei zerbitzu gune izango ditu, eta guztietan jan eta edatekoak izango dira. Ondoko eskaintzak egingo dituzte: lehenengo gunea, sarrera nagusia, «Ikastola» deituko da; Jatetxea egoteaz gain, umeentzako jolasak, tailerrak, Txan Magoa eta Belceblues taldea arituko dira.
Bigarren gunea «Usondo» deituko da; Anje Duhalde, Pantxoa eta Peio eta Tapia eta Leturia arituko dira bertan. Hirugarren gunea, «Matxiategi», bi azpigunetan bananduko da; batean, txikientzako jarduerak izango dira, eta bestean, aldiz, Trapatoni Circus Banda, Sagarroi, Nour, Esne Beltza eta Trikizio taldeak arituko dira. «Artabila» laugarren gunean Petti, Mulanbo eta Rauxa eta Samar taldeak izango dira. «Labegaraieta» bosgarren gunean, Fly Shit, SKT Sekuentzia, Gose, Kauta eta EH Sukarra musika taldeak arituko dira. Azkenik, «Espoloia» seigarren gunean artisau azoka izango da ikusgarri, eta Anari eta Aitzol Mujika entzuteko aukera ere.
Garraio publikoa erabiltzea gomendatu diete antolatzaileek Bergarara joan nahi dutenei. Pesa garraio enpresak zerbitzu bereziak izango ditu. www.kilometroak.net webunean zalantzak kontsultatu daitezke.