Belaunaldia eta teknologia. Bluetooth
Baina belaunaldi berrienak ez du «ezagutzen» CDa, eta are gutxiago biniloa; ez daki zer den musika erostea. Ordenagailuaren disko gogorrera, mp3 irakurgailura eta mugikorrera musika jaitsiz konpontzen dute dena. 12 urtetik 25era bitarteko gazteen % 80k ez du inoiz musikarik edo diskorik erosi
Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea
Gizarte kapitalistaren hitz kutun bi: ongizatea eta aurrerakuntza. Bi hitz hauekin esan nahi dutena eta benetan gertatzen dena oso urrun daude. Kontzeptu aurrerakoi eta kritikoak apurtu egin nahi du mendebaleko gizartea eta haren ideia. Aurrerakuntzak ez du esan nahi aurrera goazenik. Ongizate eta aurrerakuntzaren kontra joatea ez da haitzuloetara itzultzea. Teknologia asko erabiltzen dugu, gero eta «inbento» eta gadget gehiago ditugu eskuragarri. Baina belaunaldi berrienak ez du «ezagutzen» CDa, eta are gutxiago biniloa; ez daki zer den musika erostea. Ordenagailuaren disko gogorrera, mp3 irakurgailura eta mugikorrera musika jaitsiz konpontzen dute dena. 12 urtetik 25era bitarteko gazteen %80k ez du inoiz musikarik edo diskorik erosi (hala behar luke, ala?), baina disko erosle arrutarekin konparaturik hamar bider musika gehiago izango du. Horrek izugarrizko aldaketa ekarri dio diskogintzaren kontzeptu industrialari, disko dendak barne. Musikaren fakturazioaren %75 zuzenekoek sorturikoa da. Diskoen salmenta kopuruak laster anekdotikoak izatera ailegatuko dira.
Gazte koadrila bat herriko jaietan edanean zebilela, halako batean gazte haietako batek deia jaso zuen bere mugikorrean eta musika-doinu dantzagarria entzun zen ring-tone gisa. Kantu ezagun hura entzutean, «Haizan, non eta nola lortu dun doinu hori sartzea mugikorrean?» galdetu zion batek mugikorraren jabeari. «Erraza duk, bluetooth-ek (blutus ahoskatu) nahi duana jaisten dik mugikorrera», erantzun zion neskak. «Nik ere gauza bera egingo dinat», mutilak erantzun. Biharamunarekin, bila zebilen tipoa aurkitu zuenean: «Hi Brutus, esan didate hik jartzen dituala mugikorrean kantuak. Jarriko didak niri ere bai?». Eta Brutus-ek erantzun: «Adarra jo nahian, ala? Nik ez diat inoiz mugikorrik eduki-eta, ez zaidak batere interesatzen roilo hori». Eta besteak: «Ez sartu niri ziririk eta jarri doinu ostia hori mugikorrean!». «Joan hadi antzarak ferratzera!», erantzun zion Brutus-ek eta ospa egin zuen. Brutus-ek ez zeukan bluetootharen belaunaldiarekin zerikusirik. Brutus-ek 52 urte ditu eta bere garaian irratian jartzen zituzten kantuak kopiatzen zituen kaset ziztrin batera. Brutus-ek CDaren inguruan dakien bakarra play sakatzea baino ez da. Emuletik jaistea zer den galdetuta, emulerekin txiste erraza egingo luke. Bluetootha zer den ez daki Brutus-ek. Bluetooth ez da Brutus.