GARA > Idatzia > Ikusmira

Frankismoaren azken fusilatzeak gogora ekartzea, historia ez errepikatzeko garantia

Gaur, 32 urte bete dira frankismoak azken fusilatzeak egin zituenetik, 1936ko uztailaren 18an hasitako zerrenda odoltsu luzearen azkenak. Ordutik aurrera, ezker abertzaleko erakunde eta militanteek eutsi egin diote heriotza horien oroimenari eta askotan, errepresio polizialari aurre egin behar izan dioten arren, urtero berretsi egin dute bost militante haien heriotzaren salaketa. Iraganeko gauzak direla diote batzuek, baina Memoriaren Lege bat onartzeko izaten ari diren arazoei erreparatuz gero, argi eta garbi ondoriozta daiteke Estatu espainolean iragan hori ez dutela gainditu.

Jakina da 1975eko irailaren 27an Gobernu espainolak fusilatu zituen bost militanteek ez zutela epaiketa bidezkorik izan, eta horregatik, haien kontrako auziaren nondik norakoak ezagutu ondoren, Estatu espainolean indarrean zegoen erregimenari kritikak eta salaketak ugaritu egin ziren nazioartean. Hala ere, fusilatzeak egin, egin zituzten, eta gainera, sistema politikoaren itxuraldatze prozesuan barrena ez zuen inork frankismoaren krimenengatik ardurak argitzeko urratsik egin. Baina biktimak, haien sendiak, orduko lekukoak... 36ko gerra eta ondorengoek utzitako zauriak zabalik dituzte.

1936an hasi eta 1975ean ofizialki bukatu zen sistema politikoak 6.000 herritar inguru hil zituen Euskal Herrian. Hamarkada batzuk pasatu behar izan dira, batzuen gorpuzkiak berreskuratzen hasteko; Oraindik, gaur egun familia eta etxe askotan ez dakite faxismoak hildako senidearen gorpuzkia non dagoen ere. Oraindik orain, ugari dira egia eta justizia faltan duten herritarrak. Frankismoaren oinordeko PPkoek orduko krimenen ukatzetik aldarrikapenera eginiko lotsagabeko urratsa da horretarako arrazoi bat, baina PSOEren (eta baliteke EAJren) epelkeriak ere badu zauriak odoletan egoteko arduraren zati bat.

Historiaren akatsak errepika ez daitezen ezinbestekoa da gertatutakoa ezagutzea eta izandako bidegabekerien tokia justiziak betetzea. Hori dela-eta, Euskal Herrian, urtero eta gaurko egunez, historiari errepasoa ematen diote. Zoritxarrez, Txikik eta Otaegik frankismo ofizialaren garaiko hildakoen zerrenda itxi zuten gurean, baina Euskal Herriak duen gatazka politikoak hildako gehiago utzi ditu. Horregatik, eta gatazka gainditu arte, ezin da esan iraganeko kontuak direnik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo