GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Alex Carrascosa eta Ahmadul Haque Artea eta Bakea-Gernika Gogoratuz

Gernikako Artea eta Bakearen Nazioarteko III. Topaketa

Raymond Watson- entzat, artegintzak H Block-eko presoaldia gainditzeko eta bake prozesuari laguntzeko balio du

Gaur, bihar eta etzi, Gernika foru-hiri zaharretik, demokrazia humanista eta artezaren zorutik eta bere haritzaren inguruan hiritarren eta artisten batzarra (biri)bildu nahi dugu honako eztabaidagaiarekin: Hiritarron Partaidetza Bake Prozesuetan Artearen Bidez. Lekuko izateaz gain, lekukotasuna emango dugu; ikusleak izateaz gain, jokalariak izango gara. Espektakdoreak, Augusto Boalek, Zapalduen Antzertiaren sortzaileak, dioenez: «Espektaktoreok geure buruari behatzen diogu jarraian jokatzeko; bizitza errealerako irtenbideak entseatzen ditugu; eta eztabaida politikoaz eta berezko trebetasun artistikoaz gozatzen dugu». Parte hartzeko antzerti honek geure gatazka sozio-politikoa eraldatzeko dauzkan aukerak azter ditzagun, gaur, osteguna, honako aktibistak izango ditugu gurekin: Birgit Fritz (Austria); Iwan Brioc (Gales) eta Chen Alon (Israel-Palestina).

Bihar, hilak 28, Artibismoaren (artearen bidezko aktibismoa) eta Komunitate-Artearen (komunitatearen onurako artea) arteko muga lausotik igaroko da: Raymond Watsonentzat, artegintzak H Block-eko presoaldia gainditzeko eta bake prozesuari laguntzeko balio du. Shane Cullen-ek paradoxa bat desestaliko digu: AEBek Ipar Irlanda «baketzeko» egin duten inbertsioa arma-enpresetan datzala. Maher Abi Samra libanoarrak Israelgo inbasioaren aldian filmatutako dokumental labur bezain zirraragarri bat proiektatuko du. Ali Messaoudik, amazighen auzi isilarazia ezagutaraziko digu. William Kellyk urtetan mundua ibili du gatazka-guneetako artisten adabegiak sortuz, sare oso bat ehundu arte. Bego Intxaustegik geure gizarteak baztertu eta hondoratzen dituenok haren margozko ontzian hartu eta flotarazten ditu. Mary Modeen, eskoziar natiboa, Zeelanda Berriak Aotearoaren autodeterminazioari uko egiten dion bitartean, maoriekin ari da lanean. Azkenik, Anita Glesta newyorktarrak infernua zerutik datorkigula jarraitzen digu gogoratzen; Nurembergen inoiz ere epaitu ez ziren airetiko genozidioak.

Larunbatean Urdaibaiko Artisten Batzarrarekin hasiko dugu eguna. Asanblada ireki honetan artistok bake prozesuari egin diezaiokegun ekarpenaz eztabaidatuko dugu. Ostean, Euskal Herrian abian dauden ekimen artibisten berri emango dugu, besteak beste, ArtamugarriaK eta BatzArt. Konponbideak aurrefabrikaturik ematen dizkiguten eta herritarrontzat altuegiak diren negoziaketa-mahaietan ez bezala, BatzArt edo Asanblada Sortzailea elkarrizketarako aulkien biribilean zertzen da. BatzArt gure banako burujabetza eta subiranotasun kolektiboaren ariketa zuzen eta errealean datza. Gernikan Berbarbola deritzogu: batzarren zoru, sabai eta lekuko iraunkorra den zuhaitza erreskatatu eta gure Gernikako haritzari esanahi gaurkotu eta premiazkoa ematen diogu, eman ere. Berbarbolan ekarpen «kreaktibo» eta artezak egingo ditugu, jarrera konstruktibo eta begirunezkoan; eta are zirkulu handiagoa marraztuko dugu, Boalen Antzerti Legegilearen ildotik: «Batzuetan arazoen irtenbidea gure eskuetan dago; besteetan ordea, zapalkuntza legean errotzen da. Beharrezkoa da orduan legea bera eraldatzea. Antzerti Legegilean legisladorea ez da legearen egilea, baizik eta herritarron eta legearen bitartekoa». Legearen egile aktibo izan gaitezen, gehiago ez legearen jaso-jasaile pasibo!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo