GARA > Idatzia > Kultura

Zehaztasunera eta errealismora hurbiltzen gaitu Claudio Bravok

Txileko margolari ezagunaren lana Bellevue Biarrizko aretoan dago ikusgai igandera arte. Bravoren natura hil, potret eta margolanek lekuko testigantzez, arte objektuz eta oihalen tinduz biribiltzen dute artistak Santiago, Madril eta Tanger artean egindako bidaia.

p052_f01_97x164.jpg

Eneritz ZABALETA | BIARRITZ

Bellevue Biarrizko aretoan, bidaia handi bat egitera gonbidatu gaitu Claudio Bravo margolari txiletarrak. Tangerreko oihalak edo Marokoko hirian artistak duen etxearen patioa. Futbol talde baten aldageletako bizipen bat. Aste Santuan, hainbat prozesiotan janzten diren oihal ubelen intimitatean begirada bat. Amerikar futboleko bi kasko. Lanpara batzuk eta zeramikak. Bravok ez du mezu berezirik igorri nahi margoen bidez, margolanak du indar guztia, bere errealismo eta zehaztasunarekin.

Xehetasunetan eta teknikan datza Txileko margolariaren indarra. Arte figuratibo edo abstrakturik ez da hemen. Bravoren margoak ez dira interpretatzen, ikusi egiten dira. Alde askotan, Pizkundeko arte klasikoaren eragina nabaritzen da Claudio Bravoren natura hil eta oihalen margolanetan: kontrasteak menderatzea XVI. mendeko maisu handienen parera, margolanen konposizioaren kezka, itzalen joko zehatza, argitasun kontrasteekin jolastea lanari bizia eman diezaioten...

Bravoren lana biziki erreala da, fotografikoa eta fotogenikoa. Behin baino gehiagotan, ikuslearen begiak urrundik zalantzan uzten ditu Bravok, aitzinean duen lana egiazko objektua edo margoa den galdezka. Mota guztietako zapi edo oihaletan bereziki egia da hori. Plano oso hurbiletik margotuak dira askotan. Oihalen plegu, itzal edo erliebe jokoak harritzeko moduan tindatzen ditu Bravok; lanari benetako bizia ematen dio. Askotan, oihalek ikuslea deitzen dute; eskua pasatu eta goitik behera norberak ukitzeko gogoa ematen dute.

Errealismo horrek hainbat arte kritikarik Bravo argazki arteari hurbiltzea izan du ondorio. Txiletarrak, baina, ezaugarri hori ukatzen du. Hark margolari gisara ikusia izan nahi du, bere margoen ezaugarri fotografikoak ukatzeraino. Agian horregatik, erakusketan pare bat lan modernoago daude, sinbolikoagoak. Lan horiek Daliren eragin ukaezina dute, eta bakoitzaren gogoeta eta interpretazioetarako lekua uzten dute. Kritikei aurre egiteko ere, natura hil batzuetan, azken urteetako arte mugimenduen erreferentziak sartu ditu Bravok. Erraterako, natura hil batean, arropa dendetako poltsan «Dada» idatzi du. Beste batean, egunkariko orrialdean Courbet margolariaren «L´origine du monde» lana omendu du, egunkariko argazkian biluzik dagoen emakume bat tindatuta.

Bidaien eragina

Bravoren lanetan, urteetan artistak egindako bidaien eragin handia dago. Izan ere, gazte garaian Madrilera joan zen Bravo, potret-egile bezala lan egitera. 10 urtez horretan jardun du, eta potret gutxi egin ditu orduz geroztik, erakusketan gazte marokoar baten potreta ikusgai badago ere. Orain, Tangerren bizi da eta haren lanek ekialdeko eragin handia dute Maroko ezagutu zuenetik. Bravok bildumako zeramika eta eltzegintzarako duen zaletasunak isla handia du bere margolan eta natura hiletan. Anekdota gisara, erakusketan Tangerren duen etxearen margoak daude ikusgai, perspektiba eta angelu desberdinetatik eginak.

Olio, pastel eta arkatzez eginiko artelanak

Margotzeko tekniketan, oraingo joeretatik urrun dabil Bravo. Gaur egun, hainbat margo teknika uztartzea modan dago, baina Claudio Bravoren obra gehientsuenak pintura klasikoz eginak dira, olio tinduarekin. Hala eta guztiz ere, pastel batzuekin ere lan egin izan du Bravok. Horrelako lan batzuk ikusgai daude Biarrizko erakusketan. Horrez gain, paper gainean arkatzez eginiko hiru artelan ikusteko parada dago. Gisa horretako lan oso gutxi egin ditu Bravok, eta zorte handia da Biarritzen egotea horrelakorik. Nahiz eta pastel eta arkatzezko lan bakar batzuk egin izan dituen, norabide artistikoa ez du aldatu Claudio Bravok lan horietan, pastelak eta arkatzak hiperrealismoaren zentzutik baitoaz.

E.Z.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo