GARA > Idatzia > Euskal Herria

EAEko curriculum dekretuak ez duela «euskal nortasuna» garatzeko balio salatu dute

Hezkuntza Saila egiten ari den EAEko curriculum dekretuaren aurka agertu zen atzo hainbat, Tontxu Campos sailburuak horren gainean hitz egin zuen egunean. Salatu zutenez ez du «euskal nortasuna» garatzeko balioko Estatu espainiarrari begira eginda baitago.

p015_f02_199x116.jpg

M.A. |

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Tontxu Camposek agerraldia egin zuen atzo Hezkuntza eta Kultura batzordearen aurrean Ezker Abertzalea talde parlamentarioak EAEko curriculum dekretuari buruz argibideak emateko egindako eskariari erantzunez.

Izan ere, Camposek maiatzean aurkeztu zuen zirriborroa eta hainbat eragilek beren desadostasuna agertu zuten proposamenarekin. Hezkuntza Sailburuak, ordea, ez zuen bere adierazpenetan aldaketarik erakutsi eta horregatik hainbat eragilek EAEko curriculum dekretua gaitzetsi zuten.

Ezker Abertzalea taldearen izenean Itziar Bazterrikak Hezkuntza Sailaren proposamenak ez duela «euskal nortasuna garatzeko» balio salatu zuen, «printzipio batzuk aldarrikatzen dituen arren ez baitago landuta». «Abiapuntua finkatu behar zaio. Euskaldunak gara eta euskaldun bezala nortasun bat daukagu eta kultura hori bermatu egin behar dugu euskaldun bezala bizi eta sentitu ahal izateko. EAEko curriculumean ordea, ez da kontuan hartzen».

Ezker Abertzaleak gaineratu zuenez LOE dekretuari aldaketa batzuk baino ez dizkio gehitu eta ez ditu euskal nortasunaren adierazgarriak ondo zehaztu.

Euskal Herria Bere Eskolako kideak ere Gasteizko Parlamentuaren aurrean izan ziren atzo eta beren desadostasuna agertzeko elkarretaratzea egin zuten, 30 bat pertsonak parte hartu zuten . Gainera, bi ordezkarik zuzenean entzun ahal izan zuten Camposen agerraldia.

EHBEko ordezkari Edurne Larrañagak adierazi zuenez Hezkuntza Sailak martxan jarriko duen curriculum dekretua «Espainiako Gorteetan onartutako LOE legean oinarritzen da, Estatu espainiarra du abiapuntu eta EAEko hiru lurraldeetara mugatzen da».

«Iruzurra»

Larrañagaren ustez Hezkuntza Sailak aukera «paregabea» izan du dekretua hezkuntza komunitatearen parte hartzearekin eraikitzen ari den Euskal Curriculumaren arabera osatzeko, baina «muzin» egin dio. Zentzu horretan, EHBEk salatu zuenez Euskal Curriculum hitza «bahitzen» ari dira EAEko curriculum dekretuari izen hori jarriz eta argitu nahi izan zutenez «benetako» Euskal Curriculuma Ikastolen Konfederazioa, Sortzen Ikasbatuaz, Udalbiltza eta Eskola Kristauak egiten ari diren «Euskal Herri osorako bitarteko pedagogiko burujabea da».

EAEko administrazioaren «iruzurrek» Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzea oztopatzen dutela eta Euskal Herriko belaunaldi berriak euskaldundu gabebeste 25 urte edo gehiago pasatu daitezkeela salatu zuten.

Batasunak bestalde, EAk kudeatzen duen Hezkuntza Sailak osatu duen curriculum dekretuaren «mamia» kritikatu zuen. Beren iritziz «Espainiar legeari men eginez, gure herriak behar duen hezkuntzaren gaineko erabakitze eskubideari uko egin dio». Horren harira, Batasunak Erraztik joan den igandean egindako adierazpenak ekarri zituen gogora eta EAk Estatuari desobedientzia egiteko erabiliko duen eredua den galdegin zuen.

LAB sindikatutik ere gogor jo zuten Camposek zuzendutako sailaren ekimenaren aurka. Beren iritziz ere «Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikasle zein herritar orori egingo zaion iruzur berria baino ez da».

PSEko eta PPko ordezkariek ere kritikatu zuten Hezkuntza Sailaren curriculuma. PSEko Isabel Celaak esaterako, egitasmoaren inguruan akordio politikoa falta dela esan zuen eta gaineratu zuenez, «legalitatea erabiliz zazpi lurraldetako mapa politikoa osatzen duen Euskal Herria sartzen ausartu da».

PSEko bozeramailearen ustez ordea, «curriculumak euskalduna izan behar du baina ez abertzalea». PPko Santiago Abascalek bestalde «inposizio linguistikotzat» jo zuen.

EAEko dekretuaren aldeko hitzak Hiruko Gobernua osatzen duen EA alderditik bakarrik heldu ziren. Idoia Cuadrak poztasuna helarazi zuen curriculum dekretua ezartzeko egutegia bete delako eta gizarte eragile guztiek parte hartu dutelako.

PSE ETA PP

PSEren eta PPren ustez Hezkuntza Sailak aurkeztutako curriculuma «abertzalea» da eta horregatik, bere aurka agertu ziren bi alderdiak.

HEZIKETA FISIKOA

Heziketa fisikoa ematen duten irakasleak elkarretaratzea burutu zuten Gasteizko Parlamentuaren aurrean dekretu berriaren ondorioz ordutegia murriztuko zaiela salatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo