ZINEMALDIA
Alfonso Beato: «Ezagutu itzazue printzipioak, baina gero aska zaitezte horietatik, sortu»
«Etorkizuneko zenbat zinegile zaudete hemen?». Bospasei esku lotsati baino ez ziren altxatu, baina ziur anitzez ere gehiago izanen zirela. Izan ere, sekulako interesarekin jarraitzen baitzituzten maisuen azalpenak.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Kontent egoteko moduan ziren atzo zinezaleak, argiari buruzko lantegia izan zutelako Tabako Fabrikan bi artista ezagunekin: Alfonso Cuaron zuzendari mexikarrarekin eta Alfonso Beato argazki zuzendari brasildarrarekin. Kezkatu samar zeuden hauek bezperan. «Arrakastatsua izan daiteke edo benetan gaizki atera daiteke», komentatzen zuten. Beatok azaldu zigunez, honako mezua helarazi nahi zieten gazteei: «Ezagutu itzazue printzipioak eta teknikak, baina gero aska zaitezte horietatik, gaindi itzazue eta zuen hizkuntza berezia garatu, sormenari bide eman».
Beldurrak beldur, «hagitz ongi» atera zen dena. Jende pila bat hurbildu zen eta txiki gelditu zen eraikin erraldoia. Pantailak ere jarri behar izan zituzten geletan zinezaleak taldetan banatu eta denek ongi ikus zezaten adituak egiten ari zirena. Gazteak izan arren kameraren aitzinean egotera ohituak baino ohituago dauden bi aktore gonbidatu zituzten, Barbara Goenaga eta Gorka Otxoa, eta makina bat eszena grabatu zituzten argiarekin jolastuz.
Benjamin B. «American Cinematographer»-eko kronikagileak egin zituen aurkezpen lanak. «Zinea artea da eta horretaz solastatuko gara, zaila gerta daitekeen arren. Teknologia eta teknika ere bada eta horretaz ere mintzatuko gara. Beatok eta Cuaronek nola lan egiten duten ikusiko dugu eta galderak eginen dizkiegu: zergatik paratu duzu argi berde hori hor? Zergatik dago kamera toki horretan?», azaldu zion eskaileretatik begira zuen lagun multzoari.
«Bi maisu handi»
Ondoan zituen bi maisuen berri eman zuen jarraian Benjamin B-k. Alfonso Beatori buruz, jakinarazi zuen ez duela inoiz egirik erraten. 48 urte darama dagoeneko zinearen munduan eta 60 film luzetan parte hartu du; «Carne Tremula», «La Reina», «Dark Walter», «Todo sobre mi madre» eta «El amor en los tiempos del colera» daude horien artean. Alfonso Cuaron mexikarraren inguruan, berriz, zuzendari handia dela nabarmendu zuen. «Y tu mama tambien», «Children of men» eta «Harry Potter III» lanak dira adibide.
Beatok bezala, Cuaronek ere kontzeptuei erronka jo behar zaiela pentsatzen du. Aurrena oinarrizko jakintzak ikasi behar dira, kamera posizio egokian jartzen eta argiarekin jokatzen bertzeren artean; behin hori jakinda, ordea, interesgarria deritzo kontzeptuak proban jartzeari, esperimentatzeari. Artista horren iritziz, kontzepturik gabe hutsik daude printzipioak.
Zinema Eskolen VI. topaketaren barrenean, argiaren lantegi honetaz gain mahai-ingurua ere egin zuten arratsaldean. Grabatutakoa ikusi zuten bertan.
Genesis kamera digitala erabili zuten eszenak grabatzeko. Alfonso Cuaronek jakinarazi zuenez, hagitz tresna ona da hori; gero eta gehiago filmatzen da berekin. Barbara Goenaga eta Gorka Otxoarekin eszena bera errepikatzen zuten behin eta berriro, baina argia aldatuta arrunt emaitza desberdina lortzen zuten. Leihotik sartzen ziren eguzki izpiekin soilik egin zuten eszena bat; bertze bat filtro laranja jarrita; hurrengoa filtrorik gabe, agertokia urdinago bihurtzeko; bertze bat itxura grisagoa emanez, drama tankera... Argiaren bidez eszenaren umorea aldatzen erakutsi zuten.
M. I.