GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aretxabaletako Udalean egon dadin hartu zuen konpromisoa berresteko galdegin dio EAE-ANV-k Aralarri

GARA |

Aretxabaletan EAE-ANV lehen indar politikoa izan zen maiatzaren 27ko Udal hauteskundeetan 839 boz eskuratuta. Hala ere, legez kanpo gelditu zenez, zegozkion lau zinegotzi karguak hartu gabe geratu zen.

Hauteskunde horietan, baina, Aralarrek, bigarren tokian geratu zen taldeak, proposamen publikoa egin zien alderdi ekintzaileari eta herritarrei. Bertan, haren ordezkaritza Udaletxean bermatzeko asmoa agertzen zuen lau zinegotzitik bati uko eginez. «LOREG legearen 182.2 artikulua aplikatzeko eta alkatetza gure eskuetan uzteko prestutasuna» azaldu zuela adierazi zuen EAE-ANVk.

Eusko Alkartasunak ere bere asmoa agertu zuen eskuratutako hirugarren zinegotzia EAE-ANV-ren ordezkaritza bermatzeko erabiltzea.

Erabakia larunbatean

Hori dela-eta, EAE-ANVk bidalitako prentsa oharrean azaltzen zuenaren arabera, «egoera berri horren aurrean irtenbide baten aukera ikusirik» negoziaketetan hasi ziren «etorkizun baten hirurok osatutako gobernu posible bat ikusten baitzen».

Arrazoi horiek ekainaren 15ean hiru alderdiren arteko aurretiko hitzarmena sinatzea ekarri zuten eta, horren arabera, «hautesleek eman ez zizkieten jarlekuei uko egin eta espainiar legediak uzten zuen neurrian, EAE-ANVko zinegotzien esku uzteko konpromisoa hartu zen, baita udalbatzaren kudeaketa, kontrol, erabaki eta ordainketetan parte hartzeko bitartekoak eskaintzearena ere». Hala, «guztion elkarbizitza egokia ahalbideratzeko konpromisoa ere» nabarmentzen zela akordioan gaineratu zuen alderdi ekintzaileak.

Hiru alderdiak herri programa adostera ere iritsi ziren, baina EAE-ANVren presentzia Udaletxean nola bideratu eta aztertzerakoan «beste lan erritmo» bat nabaritu zuten. Izan ere, Aralarrek LOREG legea aplikatzeko «zalantzak» agertu zituen eta ez zuten aplikatu.

Hori guztia dela-eta, eta «aurrerapausorik» ez zela ikusirik, «gobernu batzordean ez sartzea erabaki zuen» alderdi ekintzaileak. Are gehiago, hiru hilabete igaro dira eta oraindik egoera bera denez «emandako hitza betetzeko» eskatu diote Aralarri. Beren erantzuna irailaren 28aren aurretik emateko konpromisoa hartu du Patxi Zabaletaren alderdiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo