JON SAGARDUI Donostia
Olaziregi jaunari
Irailak 21, larunbata. Donostiako zinemaldia. Principe zinemak, 6. aretoa. «The art of negative thinking» filma. Zuzendaria: Bard Breien. Egia esanda, ez nuen inongo erreseinarik film hau ikusteko; zinema eskandinabiarrak nigan sortzen duen atentzio apurrak eraman ninduen pelikula ikustera. Sartu eta berehala, tipo handsome edo elegante bat paratu zen pantailaren azpian mikroa eskuan eta aurkezteari ekin zion. Nabarmena zen ez zela euskalduna, ahoskatzeko orduan euskarazko hitzak bata bestearen atzetik irteten baitzizaizkion ganoragabe. Hori gutxienekoa, euskaldun berriei begirunea zor baitiegu, ezta? Baina ongietorri mezu horretan, gutxi gorabehera, jazzaldira ongi etorriak izan gintezela desiatzen zigun. Jazzaldira? Anekdota hutsean geldituko zela uste nuen, baina aurkezpenak aurrera egin zuen, eta gaztelerari ekin zion, eta hor bai defendatzen zela ikusten zen. Zuzendaria alboan zuen, eta hura ingelesez hasi zen hizketan, ingelesez ez dakigunoi berdin-berdin utziaz. Filma hasi zen, eta nire barneko sukarra handitzen joan zen, haserako anekdota errealitate gordinarekin topo egin baitzuen. Barnean nuen har horrekin ezin izan nuen behar bezala filma ikusi, nahiz eta filmaren gaiak benetan hunkitu ninduen, euskaldunok zinemaldian jasaten dugun egiarekin bat egiten baitzuen: elbarritasuna eta elbarritasunari aurre egiteko modu desberdinak. Olaziregi jauna, makina bat aldiz entzun zaitugu euskaraz hitz egiten, eta azken urteotan zinemaldian euskararen alde egindako lana alde askotatik goraipatua izan da (Jaurlaritza harro egongo da, ziur nago). Hala ere, eskaparateko manikietatik haratago joan behar da nire ustez gai honetan, bestela euskaldunok baztertuak izango gara gurean antolatzen diren txotxi-makro mobida antzekoetan. Eta badakit zinemaldiaren antolakuntzan euren izerdiak bota dituztenei ez zaiela agian bidezkoa irudituko nere kexua, baina euskaldunon eskubideak zapalduak diren bitartean -filmeko izenburuak zioen bezala- gaizki pentsatzen jarraitu beharko dugu.