GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Myanmarrek ez du zaldun askatzailerik

Printzesa eder panpoxa giltzapetuta daukan tirano itsusi gaiztoaren ipuina zirudien gehienbat pasa den astean Myanmarreko matxinada koloretsuaz (monje budisten azafrai kolorea eta edonoren odol kolorea hain antzekoa izanik, zergatik deitu nahi ote diote Saffron Revolution askoz zuzenago Blood Revolution litzatekeen horri?) gure artean egiten zen kontakizunak. Zaldun askatzaile bikaina bakarrik falta zen. Baina eginkizun hori geuri zegokigula argi zegoen. Aung San Suu Kyi eta Than Shwe jeneralaren argazkiak elkarren ondoan ipintzea nahikoa zen ipuina irudikatzeko.

Ikuspegi xalo horrengatik agian, ia inon ez dut aurkitu ahal izan «mila hitz baino gehiago balio duen irudia», Kenji Nagai argazkilari japoniarra soldadu batek kamara aurrean akabatzen dueneko hori, iritsi zaigunean, irudi argigarri horiei buruzko gogoeta sakon, distiratsurik... Izan ere, oso zaila da hori printzesa lirainaren ipuinarekin uztartzea...

Nire irudipena da, ordea, irudi horiexek, eta ez gure haurtzaroko ipuinek, mamitzen dutela Myanmarren gertatzen ari dena. Batez ere bere gorpuzkerarekin zerikusi handirik ez duen uniforme berdez jantzitako soldadu hiltzaile horren irudiak. Txankletak daramatza, ihesi doazen manifestarietako gehienek bezala. Nonbait, bere maila profesionalak ez dio aurretik dituen polizia nabarrek daramatzaten bota militarrak janztea ere ahalbidetzen. Iparraldeko eta ekialdeko mendietan karen, shan edota bestelako gerrillen aurka diharduten milaka soldadu birmaniarren tankera du, besterik gabe.

Apustu egingo nuke, ordea, Nagai argazkilariari ematen dion akabera bertsua beste hamaikari emana diela lehendik ere, mendialde horietan edo beste nonbait, kameren aurrean ez bada ere. Nola tiratzen duen ikusi besterik ez dago. Are gehiago, tiro egin eta nola egiten duen aurrera. Ohitura behar horretarako.

Eta arma bat. Eta hara non soldadu txankletadunak daraman fusila ezaguna, ezagunegia egiten zaigun batzuei... Ez duk ba Cetmea izango? Ez, horren izen ofiziala Heckler & Koch G3 duk nazioartean; Espainian bakarrik deitzen zaiok Cetme, lantegi horrek egiten zituelako eta dituelako alemaniar sortzaileen lizentziapean; Myanmarren Ka Pa Sa deitzen ziotek; hemengo modelo berberak egiten dizkitek, noski...

Ez al ginen ba printzesa askatu behar genuen zaldunak? Haren borreroak armaz hornitzen dituen askatzaileak? Tira!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo