«Gora Euzcadi Chistulari», ironia oinarri duen albistegia
Orain dela lau urte eta ia ustekabean abiatu zen Eibarko Matrallako irratian «Gora Euzcadi Chistulari» irratsaioa. Gaur egun sei dira asteko albisteen berrikuspena ironiaz egiten duen saio hau ematen duten irratiak, asteartero, 07.30ean hasita.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Ustekabean hasi zen Eibarko Matrallako irratian, lagun bat atxilo eraman eta irratsaioari jarraipena ematea erabaki zutenean. Laguna itzulita, irratiari gustua hartu, Martzinkus ezizena bere egin eta «Gora Euzcadi Chistulari» saioa hasi zuen. Lau urte geroago, oraindik ere asteartero egunkariak erosi eta Arraterako bidean irratiak duen lokalera iristeko 300 eskilaratik gora igotzen ditu, 07.30ean, lanera joan aurretik, irratsaioa zuzenean egiteko.
Egun, Euskal Herriko sei irratik ematen dute «Gora Euzcadi Chistulari» eta, askok umore saioa dela esan badute ere, esataria ez dago guztiz ados. Azaldu duenez, «umorea baino gehiago ironia da. Musikaz janzten ditut albisteak, giroa sortzeko, hasi XIV. mendeko musika erlijiosotik eta orain dela 30 urteko musika elektroniko jasanezinera arte. Adibidez, Balzaren adierazpenen azpitik aurreskua edo zirko musika sartzen ditut». Irratsaioari emandako izenaren jatorriagatik galdetuta, euskararen erabilpenaren ondorio dela azaldu du: «Kontua da beti gabiltzala Euskaltzaindiako arauak direla, EGA dela... eta gero, azkenean, ez dugu euskaraz berba egiten, ez dugu euskaraz idazten, eta jakin nahi nuke zenbatek entzuten duen irratia euskaraz. Orduan, nazkatu egin nintzen ortografia eta Euskaltzaindiaren arauak mantentzeaz eta, gauza ofizialetarako denean izan ezik, gisa horretan aritzen naiz». Hitzegin ere, saioa eibartarrez egiten du eta, mintzagai nagusi politika badu ere -«askotan txistoso samarra egiten zaidalako»-, egunkariek dakartenaren arabera eta astean zehar prestatzen dituen albisteen (irrati-korteak) arabera osatzen du saioa.
Irratsaioak izandako hedapenaren gakoa jarraikortasuna izan dela azaldu du eta, zentzu horretan, Matrallako gisako irrati askeetan saioei eustea zaila izaten dela uste du: «Oso gutxitan huts egin dut, eta beste irratiek badakite badagoela Eibartik egiten den saio bat, asteartero ematen dena. Egun ez da zaila irratsaio bat egitea, baina bai jarraikortasun horri eustea, eta Matrallakon hori ere ikusten ari gara; oso jende berri gutxi sartzen da». Hartara, saioa sortu nahi duenak irratietara jotzeko deia luzatu du.