GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Arantza Manterola Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakaria

Kilometroak, ikastola, eskola...

Eskola publikoak bezala guk ere gabeziak ditugu; beraz, irtenbide global bat bilatu behar da: bati erantzun eta bestea suntsituko ez duena

Urriaren lehenengo igandea urtean barrena euskaltzaleok azpimarratuta dugun igande horietakoa da: Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz pasa ondoren eta Nafarroa Oinez-en aurretik, Kilometroak ditugu, Gipuzkoako ikastolen jaia. Aurten Debarroan den Bergarako Aranzadi Ikastolari suertatu zaio jai erraldoi hori antolatzea. Aukera paregabea Gipuzkoaren geografia ezagutzeko eta, kasu honetan, historian zehar hain garrantzitsua izan den Bergarako herria. Eta, aukera paregabea baita, Aranzadi Ikastolak prestatu dituen ekintza anitzez gozatzeko ere.

Horrez gain, Kilometroak -eta ikastolon jai guztiak- ikastoletatik Euskal Herri osoarentzat eskaintzen dugun kalitatezko hezkuntza eredua ezagutu, indartu eta laguntzeko aukera paregabea ere bada. Ikastolen hezkuntza eredu euskalduna, nazionala, anitza, aurrerakoia eta berritzailea erreferente izan da eta da gaur egun ere Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo. Ikastolak aitzindari gara apustu askori aurre egitean; eta, bide beretik jarrai dezan, ikastolak denon beharra du. Herri ekimenetik sortutako ikastolok ezin gara bizi administrazioak ematen duenetik bakarrik: ezinbestekoa dugu herritarren laguntza. Proiektuari babesa emateko eta hain beharrezkoa dugun dirua lortzeko antolatzen ditugu Kilometroak, ikastolok lanerakoan dakigun modu bakarrean: alaitasunez, festa giroan, elkarlanean, eta errespetuan.

Aranzadi Ikastola buru-belarri aritu da urte luze honetan Kilometroak baldintza horietan antolatzen. Baina zoritxarrez, Aranzadi Ikastola, Kilometroak jaiaz gain, protoganista egin da azkenaldian eskola publikoaren eskaera bat dela medio. Komunikabideek nahikoa hedatu duten gaiaren mamia hau da: eskola publikoak, bidezkoa izan daitekeen espazio fisiko baten beharraren aurrean ikusten duen irtenbide bakarra hau da: Aranzadi Ikastolak erabiltzen dituen eraikinak uztea, alegia, ikastolari inolako ordezko alternatibarik eman gabe eta, bide batez, jada zokoratuak zeuden publikazioaren mamuak harrotu. Ikastolak, esan bezala, herri ekimenetik sortutako erakundeak gara. Sorreratik herriaren zerbitzura egon gara eta gaur egun ere hala jarraitzen dugu. Gure antolamendua erabat gardena da, Bergarako Aranzadiren kasuan bezala. Irabazi-asmorik gabeko elkarteak gara, herri onurako izendapenak ere baditugu eta baditu Bergarako Aranzadi Ikastolak ere. Administrazioren jabetzako edota haren menpe diren erakundeek bakarrik ez dute zerbitzu publikoa eskaintzen. Ikastolok horren adibide esanguratsuenetako bat gara. Gainera, Hezkuntza Sailarekin hitzarmenak ditugu sinatuta eta gure ikasleek beste edozein zentro publiko edo kontzertatutan dabiltzan ikasleek adina betebehar dituzte baldintza egokietan eskolatuak izateko. Eta, betebeharrak bezala, baita eskubideak ere!

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak aitortzen duen eskubidea da hezkuntza eredua hautatzea (ikus 26. 3. artikulua), eta erabaki hori errespetuz hartu behar da. Gabeziak denok ditugu eta ezin dugu onartu eskola publikoak Aranzadiren kontura asetzea bere gabeziak. Irtenbide global bat bilatu behar da: bati erantzun eta bestea suntsituko ez duena, batzuen eta besteen gabeziak eta ezinak beteko dituena. Aranzadi Ikastola horretan ari da jarrera ezin hobearekin eta mahai baten bueltan gai honen inguruan zeresana duten guztiak biltzea eskatzen du, horrela epe motzean irtenbide bat lortzeko. Hori da Gipuzkoako Ikastolen Elkartetik Bergarako San Martin eskola publikokoei ere luzatzen diegun deia: aldarrikapenak alde batera utzi, herriko giroa lasaitu eta denon interesak eta beharrak aseko dituzten erabakiak adosteko bideak jorratzea. Kilometroak dela-eta Bergara interes mediatikoa duen gune bihurtuko da. Horregatik diferentziak alde batera utzi eta eman dezagun arazoen aurren konponbideak jorratzen dakien herriaren irudia.

Bukatzeko, Euskal Herriko eta Gipuzkoako euskaltzaleok berriro gonbidatzen zaituztegu urriaren 7an Bergarara hurbil zaitezten: egun eder bat pasatzeko aukera izango duzue!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo