GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gudarien aldeko ekitaldi ugari egin dira, Madrilek debekatu nahi arren

Euskal Herriaren independentziaren aldeko borrokan zendutako ehunka euskal herritarrak omendu dituzte astebukaera honetan makina bat ekitaldiren bidez. Madrilgo Auzitegi Nazionalak horiek galarazteko helburuarekin, zelatan aritzeko agindua eman zion Ertzaintzari. Eta baita bete ere. Guardia Zibilarekin batera, Lakuaren agindupeko poliziak, hainbat errepide-kontrol ezarri baitzituen Besaide eta Ganguren mendietako inguru guztietan.

p016_f01.jpg

Gari MUJIKA |

Gudari Egunaren testuinguruan, Euskal Herriaren independentziaren alde hildako ehunka borrokalariak omendu dituzte astebukaeran makina bat ekitaldiren bidez, txoko desberdinetan. Auzitegi Nazional espainolaren aginduari jarraituz, Ertzaintzak eta Guardia Zibilak errepide-kontrolak jarri zituzten atzo goizean Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak bat egiten duten Besaide mendian. Herritarrak identifikatu zituzten eta ekitaldia galarazi. Bilbon ere, Artxandako burdinezko gerrikoan, Ertzaintza eta Guardia Zibila izan ziren; Busturiako Sollube mendia ere Polizia espainolez eta guardia zibilez josia esnatu zen, bertako ekitaldia galaraziz.

Elorrio inguruetan aurkitzen den Besaide mendira igotzeko ibilbidean, Guardia Zibilaren errepide kontrolez gain, Ertzaintzak ere beste horrenbeste egin zuen atzo goizean. Bi polizia indarrok, gainera, beren helikopteroak aireratu zituzten, nork berea. Besaiden egiterik izan ez bazen ere, eta nahiz eta oztopo berak izan, lore eskaintza xumea egitea lortu zuten Artxandako funikularraren inguruetan bildu ziren lagunek.

Identifikazio ugari Bilbon

GARAri jakinarazi ziotenez, Bilboko inguruan aurkitzen den Ganguren mendira igotzeko errepide guztietan Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren errepide kontrolak aurki zitezkeen.

Hala, Artxandako burdinezko gerrikoan eta baita funikularraren inguruetan ere, Ertzaintza eta Guardia Zibila herritarrak identifikatzen aritu ziren, baita kotxeak miatzen ere. Kasu horretan ere, bina helikoptero aireratu zituzten polizia indarrok. Halere, 40 pertsona inguruk burdinezko gerrikora iristea lortu zuten eta beste 80 bat elkartu ziren funikularraren inguruetan. Nahiz eta aurreikusitako ekitaldia egitea posible izan ez, gudariei lore eskaintza egin eta aurreskua dantzatu zieten.

Arabako hainbat menditan ere

Bestalde, larunbatean, «Gudariekin bat, askatasunera» lelopean Nafarroako mendialdeko Baztan, Malerreka eta Bortzirietako 50 lagun Amaiurko monolitoan elkartu ziren; ekitaldia egin zuten atzokoan ere Iruñeako Ezkaba mendian 150 lagunek.

Azpeitian ere, esaterako, beste horrenbeste egin zuten larunbatean. Bertan, usadio egin duten egitasmoa errepikatu zuten: Anjel Otaegiren (1975eko irailaren 27an Francoren aginduz fusilatu zuten) Nuarbeko jaiotetxeraino martxa egin zuten Azpeititik abiatuta ehundik gora lagunek. Ostegunean bezala, larunbatean ere Ertzaintzak hainbat lagun identifikatu zituen. Nuarben, Otaegi omentzeaz beste, gainontzeko borrokalariak ere gogoratu zituzten ekitaldi bidez.

Bestalde, Eibar inguruan, Kalamua mendian ere eusko gudarien omenezko ekitaldia egin zuten atzo goizean. Bertan, hirurehun lagunek baino gehiagok hartu zuten parte omenaldian.

Arabako mendietan ere beste horrenbesteko ekitaldi egin ziren. Horietako batean, hirurogei lagunen parte hartzearekin, metalezko oroigarri bat jarri zuten bailarako gudarien aurpegiekin eta deiturekin. Gainontzekoetan bezalatxu, dantzarien laguntzarekin osatu zuten omenenaldia.

Donostian ere omendu zituzten independentziaren aldeko borrokan zendutako hemeretzi borrokalariak. Kantauri itsasoa magalean, makina bat lagunek hartu zuen parte «goazen gudariekin bat askatasunera» lemapean. Ikurrina, Nafarroakoa eta arrano beltza zeuzkan bandera airearen poderioz zabal zebilen bitartean, txalapartaren laguntzaz hemeretzi gudarien aurpegiak eskuetan zeramatzaten hemeretzi lagun, baserritar jantziekin, ilaran jarri ziren.

Lore eskaintza egin zieten gudariei, baita senideei ohorezko aurreskua eskaini ere. ETAren anagrama zeraman bandera ere presente izan zen hiru kaputxadunen eskutik. Eusko gudariak abestuz amaitu zen ekitaldia.

Zarauztarras

Varios zarauztarras ofrecieron a los cinco fusilados el aurresku de honor, así como «a todos los que, como ellos, defendieron la libertad y la voluntad popular hasta las últimas consecuencias».

«La anulación»

Carretero: «Quiero la anulación de todos los Consejos de Guerra desde la sublevación fascista hasta los últimos, porque no hicimos sino responder a una dictadura impuesta por las armas».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo