GARA > Idatzia > Pilota

Lau eta erdikoa

Txartela erakustaldia emanez eskuratu zuen Arretxek

Luzaidekoak Berasaluzeren aurka jokatuko du final-hamaseirenetan

p045_f01_097x100.jpg

peñagarikano 8

arretxe II 22

Aritz SORZABAL | IURRETA

Iker Arretxek merezimendu osoz eskuratu zuen atzo Lau eta erdiko txapelketan egoteko txartela. Hain zuzen ere, Luzaideko aurrelariak erakustaldia egin zuen Iurretako Olaburu pilotalekuan, Kepa Peñagarikanoren zoritxarrerako. Atzelaria izanik, azpeitiarra bere aurkaria baino motelago mugitu zen kantxa erdian, eta Arretxe horretaz aprobetxatu zen partida aise irabazteko.

Dena dela, galtzaileak ezer gutxi egin ahal izan zuen irabazlearen joko jarioarekin, partida borobila atera baizitzaion Arretxeri. Bost minutu behar izan zituen bakarrik 0-6ko partziala ezartzeko. Norgehiagokan behin baino gehiagotan errepikatuko zuen jokaldiaz baliatu zen horretarako, zabalera botatako bi boleekin 0-3 eta 0-6koa igo baitzituen markagailura. Peñagarikanok atsedena hartu zuen bere burua kokatzeko, baina zuloa are eta gehiago handitu zen. Ez zegoen zalantzarik, Arretxeren eguna zen.

Zartada indartsuak

Luzaidekoak modu bikainean jarri zuen 3-16koa, Peñagarikanoren bi paretei zabalera bidalitako zartada batekin erantzun baitzion. Gero boleak, dejadak eta zartada gehiago atera ziren bere eskuetatik, partida ordu erdi batean bukatutzat emanez.

Arretxek Berasaluzeren kontra jokatuko du orain, Lau eta erdiko txapelketako final-hamaseirenei dagokion norgehiagokan. Txisparekin eta indarrarekin ikusi zitzaion Iurretan, lehen kanporaketa hori irabazteko ezinbesteko bi ezaugarriekin, alegia.

Joan den urtean, Patxi Eugiren aurka galdu zuen (22-11) final-hamaseirenetan , baina aurten pilotariagoa dela ikusten zaio Arretxeri.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo