GARA > Idatzia > Gaurkoa

Ruben Iglesias San Sebastian Udalbiltzako Euskal Curriculumaren arduraduna

Baga, biga, higa, laga... iruzurrik ez!

Kurtso berria hastearekin batera hezkuntza hedabideen arreta gune izan ohi da, tertulianoen hizketa gai eta etxeetako buruhauste. Aurten, azken urteetako lokarriari jarraiki, eskolako material, testuliburu eta hauek familia bakoitzari ekartzen dioten kostua izan da gai izarra. Gai honek duen garrantziari muzin egin gabe, testuliburuen aferak ekonomiaren zurrunbilotik haragoko hausnarketa sakonagoa behar duelakoan nago. Izan ere, testuliburuek zer helarazten duten eta nolako adierazpenez helarazten duten guztiz erabakigarria izango da bereziki ezagutzaren jasokuntzan. Edukien aukeraketak, adierazteko erak, haien kalitateak eta esanahiak badira izaki baten mundu-ikuskeran eragina duten faktoreak. Faktoreok mugatuko dute izaki horren mundua, hau da, nola ikusiko duen eta nola sentituko duen errealitate hori. Testuliburuetan eduki batzuk agertuz eta beste batzuk aipatu gabe utziz ideologia transmititzen da. Testuliburu bat argitaratzeko, saltzeko edo irakaskuntzan erabiltzeko Administrazioaren baimena behar da, besteak beste, curriculumean finkatzen dena interpretatu eta jaso behar baitute. Finean, curriculuma baita zer eta nola irakatsi behar den finkatzen duena. Bada, ikasturte honetan EAEko zein NFKko hezkuntza sailek curriculum proposamen berri bana aurkeztu dute eta horiek izango dira hurrengo belaunaldien iparrorratza. Hurrengo lerroetan EAEko Hezkuntza Sailak Euskal Curriculum gisa aurkeztutako proposamenaren gaineko irakurketa plazaratzen dut, lau arrazoien gainean funtsatuz Euskal Curriculumaren izenean egin nahi den iruzur berri honen salaketa:

Baga. Kontzeptuak argitzen Tontxu Camposek Euskal Curriculum gisa izendatu duen proposamenak Euskal Curriculumak izan behar dituen eta dituen oinarrietatik oso urrun dagoela esan behar da, besteak beste, LOEk finkatzen duen %55 barneratzen duelako. Beraz, lehenik eta behin bi kontzeptu horiek ongi bereiztea ezinbestekotzat jotzen dut.

Euskal Curriculuma: Euskal Herri osorako curriculum burujabea da, indar normatiborik ez, baina indar sozio-politiko handia duena. Euskal Curriculumaren funtsa Euskal Herritik eta Euskal Herrirako marko pedagogiko komun bat sortzea da. Euskaldunok, Euskal Herriaz ez ezik munduaz dugun ikuspegiaren irudikapena ere bada. Euskal Herrirako prestatzen den kultur ibilbidearen hautaketa da, hau da, Euskal Herriko ikasleek, gizabanako eta gizartekide gisa, beren garapen osoa Euskal Herrian eta mundu zabalean bizitzeko gaitasunak lor ditzaten.

Curriculum dekretuak: curriculum dekretu berriak, aldiz, esparru administratibo bakoitzerako curriculum autonomikoak dira, balio preskriptiboa dutenak. Curriculum autonomiko horien %55 Espainiako Gobernuak finkatzen du eta beste %45 EAEko Hezkuntza Sailak, dekretuan bertan aipatzen den moduan: «Hezkuntza-legediari erreparatuta, aipatu behar da 2/2006 Legeak, Hezkuntzari buruzkoak, eta 1513/2006 eta 1631/2006 errege dekretuek arautu dituztela, hurrenez hurren, Lehen Hezkuntzako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntza-edukiak». Curriculum dekretu horrek bere erabaki marko eta prozedura propioa du.

Beraz, zergatik hitz egiten digu Tontxu Camposek Euskal Curriculumaz Madrildik inposatutako legeari men egiten badio? Noizko desobedientzia? Nongo curriculumaz ari da? Bada, proposamena hiru lurraldetarako da, EAErako, bertako hezkuntza komunitatea osatzen duten kideei zuzenduriko proposamen autonomista, hain zuzen ere.

Tontxu Camposek aurkeztutako proposamena ez da Euskal Curriculuma, besteak beste, LOE ardatz duelako. Ondorioz, hemendik aurrera EAEko hezkuntza curriculum dekretu berria izendatzea proposatzen dut.

Biga. Hezkuntzaren xedeak. Bada beste gako garrantzitsu bat, nire ustez funtsezkoa dekretuaren nondik norakoak ulertzeko, hau da, dekretu berri honen dimentsio politiko-ideologikoa hautemateko. Zein da/dira curriculum dekretu honen hezkuntza helburua? Zer lortu nahi da curriculum honekin? Dekretuan besteak beste oinarrizko hiru helburu finkatzen dira:

a) «Ikasleak prestatzea pertsona helduen bizitzari ekiteko; bizitza oso bat izateko, gizabanako diren aldetik; gizarteko herritar aktibo izateko; eta izadiaren zaintzarekiko eta garapen iraunkorrarekiko konpromisoa duten pertsonak izateko».

b) «Ikasleek euskal kulturako eta kultura unibertsaleko oinarrizko elementuak eskura ditzaten lortzea, eta maila handiagoko ikasketak egiteko nahiz lanean hasteko prestatzea, berme osoz».

c) «Ikasleekin sentsibilizazio-lana egitea eta haiek gaitzea bizitzan zehar etengabe ikasteko gai izan daitezen».

a) Helburua onargarria izan daiteke ikasle hori nongoa den zehazten bada. Hala, euskarri erreal bat falta du esaldi horrek, eta ondorioz oso irekia eta abstraktu geratzen da. Hau da, ikaslea euskaldun gisa (gizabanako) Euskal Herrian (gizarteko herritar), Ama Lurrean (izadian) bere gaitasun guztiak garatzea izan behar luke helburua; alabaina, ez da inolako zehaztasunik egiten formulazioan. Beraz, interpretaziorako oso irekia da eta iruzurrari bide ematen dio.

b) Euskaldun oso eta integral gisa hezteko eskubidea dugu euskal herritar orok. Hala ere, helburu honetan aipatzen da euskal kulturaren oinarrizko ezagutzak menperatu behar dituela ikasleak. Euskal kultura biziberritu eta indartu nahi badugu, ez da nahikoa oinarrizko ezagutzak menperatzea, euskaldun gisa pentsatu eta bizi behar baitugu. Era berean DBHko ikasleak lan merkatuaren logikari zuzenean lotzea, lanean hasteko prestatzea, hezkuntzak etapa honetan izan behar duen ikuspegi hezitzaile, kritiko eta eraldatzailetik guztiz urruntzen gaitu. Ikuspegi menperatzaileari bide emanez eta hezkuntzaren izaera emantzipatzaileari bizkar emanez.

c) Helburua egokitzat eman dezakegu.

Higa. Nongo, noren, norentzako curriculumaz ari gara? Edukiei begiradatxo bat ematea besterik ez dago hiru galdera horien erantzuna zein den jakiteko. Nahiz eta dekretuan espresuki aipatu Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen dutela, edukietan horiek hiru lurralde bilakatzen dira. Hala, Lehen Hezkuntzako Natur, Gizarte eta Kultur Ingurunearen Ezagutzaren atalean aipatzen ditu ikasleek ikasi beharko dituzten edukiak. Horien artean, hau aipatzen du: «Euskal Herriaren lurralde antolaketa: herriak, eskualdeak, lurralde historikoak eta Euskal Herriko Autonomia Erkidegoa». Horrez gain, ikasleek Espainiako Estatuaren lurralde antolaketa ikasi beharko dute, erkidego autonomoen Estatua. Ez du aipamenik egiten Ipar Euskal Herriaz eta Frantziako egitura administratiboaz.

Curriculumak behin eta birritan uzten du agerian Euskal Herriak Espainiarekin duen harremana. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Kultura Klasikoen atalean hauxe aipatzen du: «Aztertuko da zergatik Euskal Herrian, Espainiako beste zonalde batzuen aldean, gutxiago asimilatu ziren erromatarren hizkuntza eta ohiturak».

Joera bera segitzen du beti curriculumak. Euskal Herriari dagozkion gertaera historikoak beti Espainiako gertaera historikoekin lotzen ditu eta, ildo horretan, Euskal Herriaren historia Hego Euskal Herriaren historia bilakatzen da, nahiz eta Hezkuntza Sailak erabiltzen duen definizioa Euskal Herria izan. Ildo horretan aipa daiteke Geografia eta Historiaren 2. eta 3. ataletan ageri diren edukiak. «XX. mendeko Espainiako aldaketak: Estatu liberalaren krisiak; Espainiako II. Errepublika eta aukera berriak Euskal Herriarentzat: 1932ko eta 1936ko estatutuak. Jose A. Agirreren lehen Eusko Jaurlaritza. Gerra zibila. Gerra zibila Euskal Herrian. Frankismoa. Diktadura frankista Euskal Herrian». Bidasoatik iparraldeko Euskal Herrian XX. mendean izandako gertaera garrantzitsuen berri -nazien okupazioa eta munduko bi gerrak, esaterako- ez dira aipatu ere egiten curriculumean. Ikasleek ikasi beharko dituzte «trantsizio politikoa» eta «Espainiako estatu demokratikoaren osaketa». Horiek ez ezik, 1978ko Espainiako Konstituzioa eta autonomia estatutuak, bai eta «Espainiar Estatuaren eta euskal lurraldeen instituzio politikoak» zein «Euskal Herriko gobernu demokratikoak» ere.

Laga. Aurreiritzi eztabaidagarri batzuk. Badira ere eztabaida bat baino gehiago merezi duten ideiak: (1) Demokrazia batean bizi garela. (2) Biolentzia gaitzetsi behar dela esaten denean, biolentzia instituzionalaz ere ari garen galdetu liteke. (3) Giza eskubideen aldeko itunak aipatzen dira, eta herrien eskubideen aldekoak isildu. Adibidez, Nazio Batuetako Eskubide Zibil eta Politikoen itunak dioena (1966): «Herri guztiek eskubidea dute libreki bere etorkizuna determinatzekoa. Eskubide horren ondorioz askatasun osoz hauteman lezake herri bakoitzak bere izaera politikoa eta aldi berean bere garapen ekonomikoa, soziala eta kulturala bermatu. Nazioarteko itun gehiago ere badira, zergatik ez da bat bera ere aipatzen?

Udalbiltza, Sortzen-Ikasbatuaz, Kristau Eskolak eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko kideok, beste hamaika eragileetako kideekin batera, urte luzeak daramatzagu Euskal Curriculuma zer eta nolakoa izan behar duen definitzen. Urte luzeetako lanak ikasturte honetan izanen du amaiera eta Euskal Curriculum espezifikoa definitzearekin batera, Euskal Herrikoak propioak edo bereganatuak diren edukiak definitzearekin batera, Euskal Herriak nahi eta behar duen curriculum nazionala ikastetxe guztien eskuragai izanen da. Hala bedi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo