GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Euskal Herrian ez dago etsipenarentzako lekurik»

p016_f01_250x168.jpg

Juanito Trecet, preso politiko ohia

Irailaren 24an utzi zuen Alacanteko Foncalent espetxea, «zulo hura», eta Lezora itzuli zen zazpi urte preso egin ostean. Baina Juanito Trecetek -urtarrilaren 31n beteko ditu 51 urte- aurretik ere egina zuen ibilbide luzea kartzelaz kartzela: 18 urte, zehazki. Guztira, 25 urte giltzapean. Esperientzia «gogorra» izanagatik, nabarmendu du «ilusio iturri» ere izan dela. «Eta zentzua ere badu», gaineratu du.

Lezoarrak aitortu du ez dela erraza, hitzez eta memento batean, bizitza erdia espetxean egitea zer den azaltzea. Baina ahalegindu da. Urte asko izanagatik, gogoan ditu Sorian, Navalcarneron, Caceresen eta beste hainbat kartzelatan igarota- koak, onak eta txarrak. «Bizi-poza ere bada herri honen askatasunaren aldeko borrokaren parte izatea», agertu du. Elkarriz- keta amaitzeko, honakoa esal-dia utzi digu, bere izaeraren eta izatearen adierazgarri: «Agur bero bat Euskal Herriari. Hemen gaude berriro. Ez etsi, eutsi. Eta gora bizi-poza!».

50 urte dituzu, eta horietatik 25 egin dituzu preso. Nola azal daiteke hitzen bitartez horre-lako bizi-esperientzia?

Hauxe galdera! Jakina gogorra dela bizitzaren erdia kartzelan pasatu izana, baina ilusio iturria ere izan da. Eta zentzua ere badu. Bakoitzaren bizitza bakoitzaren baitan neurtu edo baloratu nahi izatea... Horrek ez du inora eramaten, ez kartzelan, ez kalean. Erronka horretatik onik atera naiz, eta barruan diren kide guztien indarraren laguntza beti izan dut, beti sentitu dut. Hemendik guztiei muxu handi bana. Gu kolektibo bat gara, guztion indarrak bat egiten du. Jakina, kartzelak zauri sakonak eragin dizkigu, sakabanaketak eta espetxe politika kriminalak eraildakoak hortxe daude gure buru-bihotzean beti, betiko... Baina bizi-poza ere bada herri honen askatasunaren aldeko borrokaren parte izan eta partaide sentitzearena. Hori ez dit inork sekula kenduko.

Martutene, Soria, Alcala Meco, Herrera de la Mancha, Almeria, Puerto II, Caceres, Badajoz, Soto del Real, Navalcarnero, Alacanteko Foncalent. Zer esaten dizute izen horiek guztiek?

Borroka lekuak, denak. Soria, kartzela barruan txakurrekin etengabeko gerra. Gogorra. Sakabanaketarako sekulako prestakuntza. Garaipen handia izan zen gurea. Herrera, Kolektiboa suntsitzeko lehenengo saio «zientifikoa», baina Kolektiboaren izaera politiko blindatu zuena, betiko, edozerren gainetik, barne-kolore eta gorabehera guztien gainetik. Caceres, Badajoz, bakardadea, desgaste eta etsipena eragin nahi dizuna..., eta lagun-talde trinkoa sortzea. Navalcarnero, gazteak, Udalbiltzakoak, Kolektiboaren itxuraldaketa baina, era berean, trinkotasuna. Alacant, zuloa, emaku- meen kontrako errepresio erantsia, beti bezala...

1979-1997 urteen artean egon zinen aurrena kartzelan, 18 urte. Nola gogoratzen duzu epe hura? Zein izan zenuen, pertsonalki, mementorik gogorrena?

Bide aldapatsua, gordina, borroka etengabea, ilusio eta grina handia, garaipen handiak Kolektiboarentzako... Gobernu espainola, etengabeko suntsitze saioetan itsututa. Borroka bidez lortutakoa berehala kendu, eta berriro hasi beharra. Kirruli, aldamenean zerraldo. Min izugarria... Sorian eta Herreran jasan genituen jipoiak... Baina bide sendoa irekitzea lortu genuen, kartzelatik eta kaletik. Amets handia da askatasunarena, eta dohainik guri, herri honi, ez datorkigu ezer; ezer ez da berez etorri, ezta etorriko ere.

Sakabanaketa politikoaren aurrekoa eta ondorengoa bete-betean ezagutu zenuen.

Barruan eginiko lagunak bereziak dira, betirako lagunak. Sakabanaketak lagun askori agur esan behar izatea ekarri zuen, horra lehenengo zauria. Borrokatu beharra askoz ere pertsonalagoa bilakatzen da, eta norberak bere buruarekiko kon- fiantza sendotu behar du. Lagunengan duzun konfiantza ere hazi egiten da, kilometro guztien gainetik. Bakoitzak egiten duen borroka guztientzat dela jakitea, sentitzea; hori dakar. Lagun batek dioen bezala: «Zein lagunduta egon daitekeen isolamendu ziega batean!» Eta kunda batean aspaldiko lagunarekin bat eginez gero..., hura poza.

2000-2007, bigarren espetxeratzea. Aurrekoarekin parekatuta, ezberdintasunik sumatu zenuen EPPKri aplikatzen zaion politika berezitu horretan? Esaterako, bizi arteko kartzelaldia jarri dute indarrean orain...

Horixe izan da estatuen urratsik krudelena, presoen eta familien kontrako mendekurik nazkagarriena. Oso kolpe gogorra izan da. Ez dut uste kalean horren tamainaz jabetu garenik. Euskal preso politikoen aurkako bahiketa sistema jarri dute indarrean, haien sufrikarioarekin ezker abertzalearen borroka desaktibatzeko. Garesti ordainarazi digute Kolektiboaren sendotasuna, batasuna. Baina horretan ere kale egingo dute. Barrutik ez dute etsipen deialdirik lortuko, sekula. Euskal Herrian ez dago etsipenarentzako lekurik.

Zeuri ere, adibidez, neurri gogorra jarri zizuten 2004an: bisitari kopurua murriztu zizuten, hamar lagunen zerrenda prestarazita. Dagoeneko nahikoa bakartuta dagoena gehiago bakartzeko ahalegina?

Bai, noski. Lagunekiko harremana indargabetu, kilometroen zama bakar batzuen bizkar bota nahi... Bizi-poza kendu, eta kalearekiko lotura desitxuratu nahian. Kalearen eta kartzelaren arteko sintonia hautsi eta kartzela barnearazi nahi digute. Norbera bere buruarekin eta bere penarekin lotu nahia... Baina gutunak, deiak, oparitxoak eta bestelakoak ere badaude, maitasuna bidaltzeko molde asko dago kartzeletako harresien zirrikituetatik igarotzen direnak. Lehen, orain eta beti.

Herrian plataforma ere osatu zuten zure askatasuna aldarrikatzeko. Halako ekimenek balio al diote presoari? Iristen dira ziega barruraino?

Kalean egiten den guztiak balio du. Emaitzak epe laburrekoak edota ikustezinak izatea, hori beste kontu bat da. Eta beti gauza bat izan behar da argi: preso bakoitzaren alde egiten den lana guztien aldekoa dela.

Herritarrekin zaudenean, zer esaten dizute?

Batez ere bi galdera ari naiz entzuten. Bat, ea honek guztiak merezi ote duen. Eta Lezoko plazan esan nuena errepikatuko dizut: jakina merezi duela, edozerren gainetik merezi ere. Borro- ka ez dela zama, indarra eta bizi-poza ere badela. Bestea, ea noiz irabaziko dugun. Eta noiz ez dakit, baina irabaziko dugula ziur nago. Aurrekoek etsi izan balute, geuk jai. Irabazteko, funtsezkoena, bertan egon, eutsi eta aurrera jotzea da. Galdutako borroka askoren oinordekoak gara gu. Eta ilusio berberarekin heltzen diogu guri tokatzen zaigun etapari.

Zu espetxetik ateratzeak egoera berezia sortu dio Lezoko herriari: lehenengo aldia da, 1979az geroztik, herritarrik preso ez duzuena...

Horrek ez du egoera berezirik osatzen. Gainera, Fanekas dugu erbestean, 1979ko urtarrilean Polizia espainolaren eskura utzi ninduen Estatu frantsesak berak deportatua... Eta askotan ahaztu egiten zaigu bestelako kartzela handi hori, exilioaren bidea hartu zutenena, deportatuena. Beraz, borroka bera mantenduko dugu, eta indar berean.

Mikel JAUREGI

«Presoen kasuan ikusi da prozesuaren izaera»

Negoziazio prozesuaren hasiera eta amaiera barrutik bizi izan dituzu. Zein ondorio atera duzu saiakera horretatik? Zergatik ez da ondo atera?

Lehenik eta behin, gauza bat: prozesuaren hasieran, tartean eta amaieran, Gobernu espainolak presoen aurkako xantaia eta erasoa bere horretan mantendu du. Okerrago, areagotu egin du: bizi osorako kartzelaldiarena, preso gaixoak xantaiatzearena... Erakundeak emandako urratsari erantzuteko-edo, ia urtebetez sikiera horretan ez erakustea borondaterik! Horrek asko erakutsi zigun kartzelakoei prozesu horren benetako izaeraz. Baina kontua ez da ondo edo gaizki atera ote den; ez da zero ala hamar. Konponbidea ez da lortu, baina aurrerapausoak bai. Ezker abertzaleak bere proposamenak eta posizioa indartu ditu, baita nazioartean ere. Baina ondorio nagusia zera da: Gobernuak, prozesua irekita, denbora luzatu du eta presio sistemak areagotu ditu barruko eta kaleko borroka-gaitasunak krak egiteko aukera ikusten zuelako. Eta hortxe egin du hankasartzerik handiena. Prozesuak erakutsi du ezker abertzaleak oso argi dituela zeintzuk diren herri honek behar dituen gutxieneko demokratikoak, eta askatasunez erabakitzeko aukerarik irekitzen ez den bitartean borrokatu beharra inposatzen zaigula berriro ere. Kostata izango da, jakina, garesti ordainaraziko digute, bai, baina ez dira abiatu azken hamarkada hauetako borrokak, guztiak, orain mehatxu eta estetika berrien menpe gu indargabetzeko. M. J.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo