Arratsaldeetako albistegiei ere ekingo diete Info7-ko kideek
Gaur hasiko dute Info7 irratiko kideek kurtsoa eta, berrikuntza nagusien artean, hurrengoa nabarmendu dute: hemendik aurrera arratsaldeetan ere izango dira albistegiak. Orain arteko eskaintza zabaldu eta denetariko saioak ere eskainiko ditu irratiak.
Amalur ARTOLA | DONOSTIA
Info7 irratiak programazio berriari ekingo dio gaurtik aurrera eta, kurtso berrirako ekimenen artean, albistegiak arratsaldeetara ere zabalduko dituztela nabarmendu dute. Hartara, 08.00etan abiatu eta 20.00ak arte azken berriak entzun ahal izango dira Info7 irratian; puntuetan euskaraz, erdietan gazteleraz eta laurden gutxietan frantsesez. Eskaintza egun irratian lan egiten duten hogeita hamar kolaboratzaileren eskutik osatuko da. Era berean, 13.00etan Eider Elduaien eta Ekhiñe Atorrasagastiren gidaritzapean egingo den «Goizak dakarkiguna» albistegia ere erantsiko zaio programazioari.
Asteburuetan ere ez du huts egingo informazioak eta, hartara, larunbat eguerditan, 13.00etan, asteak utzi duenaren gainean ariko dira «Asteko Kronika»-n.
Iaz zortzi orduko eskaintza bideratzea lortu zuten irratiko langileek eta, aurtengoan, ekoizpen propioez eta Arrosa Sareko saioez horniturik, programazioa zabaltzearen erronka bete dute. Astelehenetik ostiralera, albistegien ostean, «Gure Herria» saioa izango da. Bertan, astelehenetik ostiralera hurrenez hurren, zinema, teknologia berriak, zer entzun eta irakurri eta gizarteko gaiak izango dituzten hizpide. 16.00tatik aurrerako tartea saretik hartutako denetariko saioekin osatu dute; «Celosamente gordea», «Gure bazterrak», «Irratia.com», «Gure arbasoak» eta «Bertxoko».
Iluntzea<k magazine formatuko saioek hartuko dituzte; «Aittitta Raduga» (denetariko gaiak), «Gora Euzcadi Chistulari» (ironiaz jositako albistegi berezia), «Irauli uhinak» (gazte informazioa), «A desalambrar» (Askapenaren saio internazionalista) eta «Argizirin aitaldia» (asteko errepasoa). Musika oinarri duten Info7-ren ekoizpen propioek hartuko dituzte astegunetako gauak: «Hegoaldeko ostatua» (munduko musika), «Katuk Morun» eta «Jon Mak» (pop-rock eta hip-hop), Rafa Cabeza eta Patxi Martiarenaren saioak (euskal musika eta pop-rock), Aritz Sound System (beltza eta elektronikoa), eta «Malenbe» eta «Kaleko mobida» (punk eta oi!).
Aurrera begira, iluntzeetako albistegiak osatze bidean dira eta epe laburrean web orrialde berritua izatea espero dute.