Mikel Aramendi Kazetaria
Historia trikimailu bihurtzen denean
Dibertigarria ere izango litzateke jolasa, hilotzez eta odolez egina ez balego jostailua, historia. Eta jolasaren ondorioa ez balitz kaikuenak ere aurreikus dezakeena: Kaukaso aldean tentsioa areagotzea eta Irak iparraldean beste bidegabekeria batzuk egiteko parada prestatzea, adibidez.
Dibertigarria ez ezik eskergarria ere balitzateke herrialde batek ofizialki beste herrialde baten gaiztakeria genozida salatu izana... Baina salatzailea Estatu Batuak, salatua Turkia eta salakuntza armeniarren aurkako genozidioa denean, batek egutegiari begiratu eta 2007an gaudela dioenez hark, batek galdetu behar dio bere buruari zertara datorren iskanbila hau orain. Duela 90 urte baino gehiago gertatu baitzen genozidio hura, eta Estatu Batuek nekez esan baitezakete haren berririk ez zutela: Morgenthau enbaxadore estatubatuarrak ezagutarazi zuen sarraskia nazioartean, beste inork baino gehiago eta argiago. Zergatik ez ote da ia mendebete honetan arazoa aipatu ere egin? Edota zergatik orain «mundu guztiak» kargu hartu nahi dio Turkiari izugarrikeria hartaz?
Ez da oso dibertigarria, ez, ikustea nola turkiarrek, unanimitatetik oso hurbil dagoen gehiengoz, ukatu egiten duten armeniarren aurkako genozidiorik izan zenik. Arrazoi okerrak (sarraskiak delibero planifikaturik gabekoak izan zirela, auzia serioski ikertu duten historialarien iritziaren aurka), erdipurdikoak (hildakoak armeniarrek eta horien aldekoek aipatzen dituztenak baino askoz gutxiago izan zirela, beraiek aitortzen duten 300.000ko kopurua huskeria izango balitz bezala) eta zentzuzkoak (genozidio delitua definitu baino aurreragoko gertaerak izaki, ezinezkoa litzatekeela figura juridiko horren pean ipintzea) aditzen dira haien ahotik. Kasu honetan salatzailea Estatu Batuetako Kongresuko Kanpo Arazoetako batzordea izateak, halere, esku-eskura ipintzen die bestelako arrapostua turkiarrei: zer aurpegiratu behar ote dio beste inori bere lurraldeko lehen biztanle ia guztiak akabatu zituen herrialdeak?
Dibertigarria ez ezik barregarria ere bada Turkiaren eta Estatu Batuen arteko ika-mika horri espainol batzuek egin dieten harrera. Ez ote dira ohartzen arrazoibide horren hurrengo urratsa 1609-1614 bitartean Iberiar penintsulako moriskoen aurka egindako bidegabekeriaren salakuntza dela? Mairu eta kristauen festak ospatzen jarraitu nahiko dute gainera...