Oparotasunaren erdian bazterketa
Mendebaldeko gizarte oparoaren baitan ere pobrezia gogorreko egoerak daude. Kontzientzia lasaigarri, jende alferra, drogazalea eta gizartean bizitzeko balio ez duena dela pentsa liteke, baina hori, aurreiritzi faltsua izateaz gain, gutxieneko jarrera etikoak ez luke halako egoerarik begi onez ikusi beharko. Atzo eta gaur GARAk eskaini dituen erreportajeak, Bilboko metropoli-barrutian ehunka lagunen muturreko egoera erakusten dutenak, oparotasunaren ondo-ondoan dauden bazterketa gune horien erakusgarri dira. Ez da hipotekaren ondorioz hil bukaerara nekez iristen den jendea, ezta neurriz gaineko alokairuari aurre egin behar diona, baizik eta lo egiteko aterperik ere ez duena. Ondoen ezagutzen dituztenek -laguntza eskaintzen dieten GKEk eta gizarte erakundeetako partaideek- diotenez, denetariko jendea da, bizi-proiektuak huts egin diona, familia, lan edo gizarte loturak hautsita izan dituena. Gaur egun haien artean etorkinak gero eta ugariagoak dira, gosea, gerra eta, oro har, miseria direla-eta datozenak, berentzat eta beren familientzat duintasunez bizitzeko baliabideen bila datozenak, eta haien artean emakumeen kopuruak nabarmen egin du gora, askotan haurdunaldia dela-eta, lanik gabe eta kalean geratu direlako.
Miseria gorriko kasu horiek aurrerabidea zenbatekoan baino neurtzen ez duen gizartearen antolaketaren ondorio estrukturalak dira. Hazkunde ekonomikoaren emaitzak positiboak izaten omen dira, baina haien onurak bakan batzuek baino ez dituzte jasotzen, eta bere burua solidariotzat duen gizarteak konturatu egin beharko luke pobrezia eta bazterketa, eta elkartasuna bateraezinak direla. Benetako ongizatea inor baztertuta ez egotea ere bada; beraz, arazo horiei aurre egitea herritar guztien ardura da, eta neurri batean zergen bidez betetzen du. Besterik da, ordea, instituzioen arduradunek zerga horiek nola erabiltzen dituzten. Izan ere, herritarrek ez dute erabakitzen beren dirua zertan gastatu behar den; ez dute erabakitzen, esaterako, armaden aurrekontua igotzea eta gastu soziala murriztea. Eta behin eta berriro hala egiten dutela ikusten dute.