GARA > Idatzia > Euskal Herria

Samina Kortezubin, 11 urteko neskatoaren hileta-elizkizunean

Kortezubiko herriak dolua adierazi zuen atzo Kataluniako aterpetxe batean zendutako 11 urteko neskatoaren hileta-elizkizunean. Izan ere, Gaixoaren Defentsaria elkartekoek ikerketa abiatzeko eskatu diote Bartzelonako fiskalburuari bi aldiz osasun zentrotatik pasatu ondoren ez baitzioten ezer aurkitu gazteari. Sendiak ez du erabaki neurririk hartuko duen.

GARA |

Ostiralean Bartzelonako aterpetxe batean hil zen 11 urteko neskatoaren hileta-elizkizunean jende andana batu zen atzo Kortezubin. Izan ere, Jessica Urizar Txertudiren heriotzak hunkiturik eta saminduta utzi du Bizkaiko herri txiki hori bi osasun zentrotara eraman ondoren medikuek ez baitzioten ezer aurkitu eta gauean zendu zen.

Oraindik ez da ezagutzen zerk eragin zuen neskatoaren heriotza, baina badirudi autopsiaren atariko txostenaren arabera ez zela meningitisak jota hil. Gaur jakinaraziko dituzte behin betiko ondorioak.

Kataluniako Gobernuak espedientea ireki du gertatutakoa ikertzeko eta Mataroko epaitegia ere bere horretan ari da.

Gaixoaren Defentsaria elkarteak Bartzelonako fiskalburu Maria Teresa Compteri ikerketa abiatzeko eskatuko diola ere jakinarazi zuen idatzi baten bidez. Elkartearen iritziz, diagnostikoan errakuntza «larria» egon da eta horregatik, bakoitzaren ardurak eta gertakaria «argitu» beharra dagoela adierazi zuen.

«Ez da normala»

Cabrera del Marreko aterpetxe batean zendu zen ostiralean 11 urteko neskatoa Arratzuko ikastolako kideekin egun batzuetako ibilaldia egiten ari zela. Gaztea sabeleko minez izan zen ostegun arratsaldean Montserrat Santutegira egindako txangoaren ostean eta ikastolako arduradunek lehen mailako arretako bi osasun zentrotara eraman zuten, baina ez batean ez bestean medikuek ez zioten ezer aurkitu.

Hala, gaztetxoa aterpetxera itzuli zen eta gauean bere egoerak okerrera egin zuen eta anbulantzia heldu zenerako hil egin zen 11 urteko neskatoa.

Horregatik, Kortezubiko udal gobernuak bilera egin zuen larunbatean «zer egin» erabakitzeko ez baita «normala» gertatutakoa. Txomin Bilbao herriko alkateak azaldu zuenez, «ezin dugu inor salatu egin duenarengatik, baina ez zaigu normala iruditzen gazte bat aterpetxe batean hiltzea egun osoa gaizki sentitzen zela esaten eta botaka egiten egon denean eta bi aldiz medikuarengana jo eta ospitaleratu ere egin ez dutenean».

Hala ere, alkateak adierazi zuen zendutako neskatoaren gurasoek erabaki beharko dutela «astelehenetik aurrera» emango diren pausoak. Udalak ahal duen guztian lagunduko diela gaineratu zuen Bilbaok eta «familiaren ondoan egoteko unea« dela argudiatu zuen.

AUTOPSIA

Gaur ezagutaraziko dituzte autopsiaren ondorioak, baina badirudi atariko txostenaren arabera ez zela meningitisak jota hil.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo