GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abiadura zaintzeko beste kanpaina bat hasi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

p019_f01.jpg

GARA |

Gaurtik hasita urriaren 28a arte abiadura kontrol ugarirekin eginen dute topo gidariek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetan barna, ertzainek eta udaltzainek kanpaina berria abiatu baitute istripuak gutxitzeko asmoz. Lakuako Barne Sailak emandako datuen arabera, zaurituak edo hildakoak eragiten dituzten 1.500 ezbehar baino gehiago gertatzen dira urtero hiru probintzia horietan azkarregi gidatzeagatik. Hain zuzen ere, istripu guztien %13 abiadura handiegian ibiltzeagatik gertatzen dira.

Kanpaina horretan, kontrolak paratzeaz gain, herritarrek kontzientzia hartzeko mezuak ere igorriko dituzte, mantsoago gida dezaten eta errepideetan ezbehar gutxiago gerta daitezen. Zaintza eta Kontrola izeneko Lan Mahaian sortu dute egitasmoa, 2007 eta 2010 arteko Errepideetako Segurtasunaren Plan Estrategikoaren barrenean.

Bertzalde, Ertzaintzak radarren aurkako legez kanpoko tresnak bilatzen eta indargabetzen jarraituko du.

Joan den ekainaren 18tik uztailaren 1era bertze kanpaina bat egin zuten abiadura murrizteko asmoz. Ertzainek, Gasteizko, Donostiako, Bilboko, Getxoko eta Irungo udaltzainekin batera, 176.000 ibilgailu baino gehiago zaindu zituzten eta 5.800 salaketa paratu zituzten muga gainditzeagatik. 2006an, berriz, Lakuako Zirkulazio Zuzendaritzak 79.000 salaketa bideratu zituen arrazoi beragatik.

Abiadurak eta ezbeharrek duten harremana argiago azaltzeko, Barne Sailak zenbaki batzuen berri eman du. Urtean 1.500 istripu baino gehiago gertatzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta horietako anitzen kausa zuzena gehiegizko abiada da. Ehunetik hamairu arrazoi horregatik izaten dira.

2005eko eta 2006ko datuak

Zehazki, 2005ean 1.700 istriputan izan ziren biktimak azkarregi gidatzearren. Hurrengo urtean, 2006an, aldiz, arrazoi horregatik gertatutako 1.460 ezbehar zenbatu zituzten hildakoekin edo zaurituekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo