Dolu eguna dute Lezaunen traktore batek harrapatuta hil den haurragatik
GARA |
Adrian Urabaien Arregi Lezaungo bost urteko mutikoa hil zen larunbat arratsaldean traktore batek zapaldu eta larriki zauritu ondotik. Lizarra ibarreko herri txiki horretako bizilagunak hunkituta daude eta dolu egun ofiziala dute. Hileta elizkizuna ere gaurko dago iragarrita.
Hiru senideetatik gazteena zen Adrian eta lagunekin jostetan ari zen ezbeharra gertatu zenean. Herritar bat hurbildu zen toki horretara traktorearekin eta ibilgailua gelditu zuen txikiek bidea libre utz zezaten. Aitzinera abiatu zenean, ordea, Adrian harrapatu zuen, oraindik argi ez dauden arrazoiengatik bertan gelditu zen mutila. Alkateak adierazi zuenez, gidaria 46 urteko gizona da eta maiz aritzen da herriko umeekin jolasean.
Bertze hildakorik ere izan da errepideetan. Guardia Zibilak jakinarazi zuenez, atzo goizaldean 23 urteko Gabriela Cristarov zaragozarra zendu zen Tuteran ibilgailua bidetik atera eta gero. Bi pertsona arin zauritu ziren, horien artean 3 urteko neskato bat.