GARA > Idatzia > Herri-kirolak

AIZKORA | Euskal Herriko finala

Nazabalek nahi bezala menderatu ditu gainerako finalistak

Etxarriko aizkolaria zen irabazteko faboritoa, eta lehenengo enborretik nagusi izan zen

p042_f01_112x112.jpg

Jon LEUNDA | DONEZTEBE

Floren Nazabal zen atzo Euskal Herriko txapela janzteko faborito nagusia, eta Etxarrikoak ez zuen arazorik izan aurreikuspen guztiak bete eta txapela buru gainean jartzeko. Lehen enborretik amaierara, nagusi izan baitzen joan den igandean Nafarroako txapela jantzi zuen aizkolaria.

Jendeak ez zuen hutsik egin, eta Doneztebeko pilotalekuak sarrera bikaina izan zuen atzokoan ere. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko moztu behar izan zituen. Dirua, Nazabalen alde atera zen.

Betiko moduan, aizkolariak bizi ekin zioten atzoko norgehiagokari, denek aurre hartu nahi izaten dute, eta inork ez du atzera geratzerik nahi izaten. Lehen enborretik erakutsi zuen, ordea, Nazabalek bera zela gehiena. Hala ere, estreinako egurretan Olasagasti ere parean izan zuen, bai eta Lopez eta Otaño ere.

Apurka-apurka, ordea, Etxarrikoa aldea ateratzen hasi zen. Erritmo oso bizia jarri zuen, eta berari ezin zion inork jarraitu. Olasagasti ere atzeratzen hasi zen, eta Lopezek eta Otañok ere aurre hartu zioten. Hori gutxi balitz, Igeldokoari adar handia atera zitzaion oinbikoetan, eta hantxe geratu ziren aurrera egiteko aukerak.

Nazabalek, berriz, ahalik eta azkarren utzi nahi zuen dena erabakita, eta halaxe egin zuen. Lan erdiak hamazazpi minutu pasatxoan egin zituen, eta ordurako gainerakoei alde nabarmena kendu zien.

Iaz gertatu zen moduan, aurten ere oso azkar, azkarregi geratu zen erabakita, emozio gutxi izan baitzuen finalak. Txapela garbi zegoen zeinek jantziko zuen, ezeren okerrik gertatzen ez bazen, behintzat, eta halaxe izan zen. Orduan, bigarren posturako geratzen zen jokoa. Otaño eta Lopez parean zebiltzan, eta Ibarrakoari adarra atera zitzaionean, Lopezek estutu bazuen ere, Otañok 60 ontzakoetan ihes egin zuen, eta hori ere erabakita geratu zen. Laugarren postuan zebilen Olasagasti, eta hantxe amaitu zuen. Txapartegi eta Peñagarikano ere beti izan ziren bosgarren eta seigarren postuetan, hasi eta amaitu bitarte.

Bi aizkolari berriek lan bikaina egin zuten

Otañok eta Lopezek lehen aldiz jokatu zuten final nagusia. Iaz Bigarren Mailan lehenengo eta bigarren izan ziren. Atzo biek egin zuten lan bikaina eta bigarren eta hirugarren amaitu zuten. Ibarrakoa, gainera, lehen aldiz dago maila nagusian.

Bi beteranoak, lehen hiru postuetatik kanpo

Olasagasti eta Peñagarikano ziren atzoko bi finalista zaharrenak, haiek ziren 40 urtetik gora zituzten bakarrak, eta adinak ez du barkatzen. Biak izan dira txapeldunak, biak ibili izan dira beti lehen postuetan, baina atzo laugarren eta seigarren izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo