GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Adierazpenak

Nazabal: « Lan erdietatik aurrera erritmoa jaitsi egin dut»

J.L. | DONEZTEBE

Floren Nazabal gustura zen atzoko finalaren ostean, eta ez da gutxiagotarako, astebeteren barruan, Nafarroako eta Euskal Herriko txapelak jantzi baititu.

«Beti izaten duzu kezka. Uda partean eta gerrian arazo batzuk izan ditut, eta iaz arazo horrek berak bi lehiaketa garantzitsuenak jokatzen ez zidan utzi, eta ardurarekin entrenatu naiz. Badaezpada ere, lan osoa egin gabe etorri naiz, eta horrek beti arduratzen zaitu», esan zuen Florenek txapela jantzi ostean.

Horregatik, finala ahalik eta azkarren erabakitzera joan zen: «Finala ahalik eta azkarren erabaki nahi nuen, eta erritmo oso azkarra jarri dut. Lan erdietan aldetxoa lortuta nuen, eta nik erritmo harekin ezin nuela jarraitu konturatu naiz, eta orduan jaitsi egin dut, eta nuen abantailari eustera joan naiz, eta ongi atera da», esan zuen.

Bera ez zen, ordea, gustura zegoen bakarra, Unai Otaño ere pozez txoratzen baitzegoen. Lehen urtea du maila nagusian, eta bigarren geratu da: «Hau niretzat txapela irabaztea bezalakoa izan da, oso gustura nago», adierazi zuen. «Ea hemendik aurrera jendeak gehiago hartzen nauen kontuan», esan zuen.

Bera ezezik, Juanjo Lopez ere oso gustura zegoen hirugarren postuarekin: «Gustura nago egin dudan lanarekin. Nazabal harrapatzea ezinezkoa zen, eta saiatu naiz Otañori eusten, baina ezinezkoa zen. Egindakoarekin oso konforme nago», eman zuen aditzera Lezaungoak.

Joxemari Olasagastik, berriz, zera esan zuen: «Gahiago nahi izaten da, baina ez da posible izan. Lehen enborretan indartsu hasi naiz, baina gero pasatu egin naute, eta etsi egin dut, eta ez dago ezer esaterik. Uste dut Nazabalek merezita irabazi duela, besteok baino gehiago izanda», esan zuen Igeldoko aizkolariak. Lehiaketa ofizialak amaituta, Urrezko Aizkoraren txanda izango da orain, udaberrira bitarte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo