Lau eta Erdikoa
Txapelketan zeresan handia duela erakutsi zuen Xalak
Pilota ezkerrez zein eskuinez indartsu astinduta, Lekuinekoak Saralegi ¯txukun aritu zena¯ kanporatu eta final-zortzirenetarako txartela lortu zuen atzokoan
SARALEGI 14
Aritz SORZABAL | EIBAR
Azkenaldian buruhausteak sortu dizkion pubalgia atzean utzi eta itxura bikaina emanez ekin zion Xalak Lau eta Erdiko txapelketari. Errespetua sartu zuen haren estreinaldian, ezkerrez ez ezik, eskuinez ere sekulako abiadura eman baitzion pilotari.
Horrenbestez, Ekaitz Saralegik partida ona egin bazuen ere, Lekuinekoak aise eskuratu zuen atzo Eibarko Astelena pilotalekuan final-zortzirenetan jokatzeko txartela. Kanporaketa horretan Alberto Del Rey izango du aurrez-aurre.
Gorriak garaipena lortu zuen, baina Amezketako pilotaria hasi zen aurretik (0-2), Xalak kanpora bidalitako pilota bati eta urdinak arratsalde osoan egindako sake zuzen bakarrari esker. Saralegik huts egin eta sakea berreskuratu orduko, Xalak norgehiagokaren buruan galduko ez zuen abantaila hartu zuen markagailuan. Bere eskuetatik irtengo zenaren aurrerapen gisa, lau sake zuzen sartu eta zabalera bidalitako bolea eder batekin 6-2koa jarri zuen.
Gipuzkoarra, ordea, ez zen kikildu eta piloteoan nagusitu zen hurrengo tantoetan: 9-7. Baina hor hasi zen lapurtarraren erakustaldiaren hasiera. 9-0ko partziala egin eta 18-7raino ihes egin baitzuen. Era guztietako tantoak egin zituen tarte horretan: eskuinez egindako bi paretekin 11-7koa jarri zuen; txokoan utzitako dejada batekin, 13-7koa; gurutzatutako zartada batekin, 14-7koa; eta pilota airez txikitzen eta aurkaria asko mugitzen, 15-7 eta 16-7koa, hurrenez hurren.
Saralegiren iratzartzea
Partida ia galduta zuela ikusi zuenean, Saralegiren minuturik onenak etorri ziren. Une hori arte defentsan fin ibili bazen ere, hurrengo tantoetan erasoko jokoarekin ere zeresanik duela frogatu zuen.
0-7ko partziala egin eta 18-14ra hurbildu zen, maila altuko tantoak egin eta gero: zabalean bukatutako lau bolea eta dejada bat, besteren artean. Minutu horietan, baita hasierako piloteoan ere, erakutsi zuen final-zortzirenetan egoteko gaitasuna duela. Bere zoritxarrerako, Irujo izan zuen iaz aurrez-aurre; eta aurten, Xala indartsu bat.
Lapurtarrak ez zuen bere errenta oparitzeko asmorik, eta bere aurkariaren iratzartzea bi pareta batez eta txokoan utzitako dejada batez moztu zuen.