GARA > Idatzia > Kultura

Arana Martixak Euskaltzaindiaren esku utzi du bere biblioteka osoa

GARA | DONOSTIA

Jose Antonio Arana Martixa euskaltzain emerituak, bere biblioteka pertsonalaren dohaintza egin berri dio Euskaltzaindiari. Horiek hala, Arana Martixak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hitzarmena sinatu zuten orain gutxi, beste euskaltzain guztiak aurrean zirela.

Orotara, 6.000 liburu eta aldizkariz osatua dago liburutegia. Orain, Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekaren zerbitzuek katalogazio lanak egingo dituzte eta ondare guztia irakurle eta ikertzaileen eskura jarriko dute; katalogoa hiru urteko epean argitaratuko da.

Jose Antonio Arana Martixa «pozik, oso pozik» agertu zen dohaintza ekitaldian. «50 urte luze pasatu ditut liburu artean. Eta orain bizitzaren zati eder horri amaiera ematen diot. Ikusten dudana da lehen etxean neukanak, eta niretzat bakarrik balio zuenak, orain Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekan jarriz gero, nik daukadan apur horrek, edonori informazioa emateko ere balio duela. Beraz, herriaren eta euskararen aldeko ekarpena da nirea», gaineratu zuen euskaltzain emerituak.

Euskaltzaindiari eman diona Arana Martixaren biblioteka pertsonala da, edo, hobe esanda, urte askoren buruan osatu duen lan-biblioteka, bere lanak egiteko baliatu dituen liburuak eta argitalpenak biltzen dituena.

Gaiei dagokienez, denetarik aurki daiteke, besteak beste, hizkuntza, historia, zuzenbidea, musika, folklorea edota etnologia. Arana Martixak gehien maite dituen Luis Luziano Bonaparte eta Resurreccion Maria Azkue autoreak ere liburutegi horretan daude.

76 urteko gernikarra

Jose Antonio Arana Martixa Gernika-Lumon jaio zen, 1931ko martxoaren 10ean. Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziatua da.

1978an Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekako zuzendari izendatu zuten. 1979an Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle aukeratu zuen, eta 1988an, aldiz, euskaltzain oso. Sarrera hitzaldia Gernikan egin zuen, «Euskaltzaindiko aulkien historiaz hurbiltze bat» gaiari buruz eta Aita Villasante orduko euskaltzainburuak erantzun zion. Egun euskaltzain emeritua da 2006ko uztailaren 20tik.

«Música Vasca» (1976), «Elai-Alai, Euskal Herriko lehen koreografia taldea» (1977) eta «Opera vasca» dira argitaratutako lanetako batzuk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo