AIZKORA
Joseba Otaegik desafioa bota dio Jon Rekondori
J.L. | DONOSTIA
Txapelketen ostean izaten da apusturako grinarik handiena, eta aurten ere badirudi hasi direla desafioak. Izan ere, Joseba Otaegik bota dio Jon Rekondori.
Otaegik orain dela astebete pasa lortu zuen Euskal Herriko Hirugarren Mailako txapela, eta badirudi lanerako gogoz dagoela. Horregatik, apusturako dei egin dio Jon Rekondo leitzarrari. Zizurkildarra prest omen dago jokatzeko leitzarraren aurka, eta horretarako hamar kana-erdiko eta lau 60 ontzako izango lituzkete lanerako. Enborrak, Otaegik eramango lituzke Plazara.
Desafioa gauzatuko balitz, otsail inguruan jokatzeko izango litzateke, eta jokatzeko Tolosa dela lekurik aproposena uste du Euskal Herriko Hirugarren Mailako txapeldunak, bi herriak erdian hartzen baititu.
Rekondok apustua jokatu nahi baldin badu, edo hitz egin nahi baldin badu, Otaegi Tolosan egongo da, Kantabriko tabernan, urriaren 26an, ilunabarrean, 19.30etik aurrera. Azkenean baiezkoa bada, bientzat lehen apustua izango da.