BEISBOLA
Nafarroak irabazi du Iruñean jokatu duten nazioarteko torneoa
J.L. | DONOSTIA
Nafarroak irabazi du, joan den asteburuan Iruñean jokatu duten nazioarteko torneoa. Bertan, Kataluniako, eta Estatu frantseseko 21 urtez azpiko selekzioak ere izan ziren.
Lehen fasean denek elkarren aurka jokatu behar izan zuten, eta Nafarroak jokatutako bi partidetatik bat irabazi eta bestea galdu egin zituen.
Nafarrak ez ziren batere ongi hasi, lehen partida 8 eta 7 galdu baitzuten Kataluniaren aurka. Bigarrenean, ordea, gauzak hobeto egin zituzten eta 13-9 irabazi zioten Frantziari. Kataluniak, Frantziari 14-6 irabazita, finalean izateko txartela lortu zuten.
Beste biek, Frantziak eta Nafarroak, beste partida bat jokatu behar izan zuten, finala zeinek jokatu behar zuen erabakitzeko, eta lehen fasean bezalaxe etxekoek irabazi egin zuten, 10-9.
Finalean, Katalunia izan zuten aurrez aurre. Lehen partida galdu egin bazuten ere, finalean 7-6 irabazi zuten partida eder bat eginda.