GARA > Idatzia > Ikusmira

Antxoa: arrantzaren etenaldia luzatzearen alde

Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseiluak antxoa babesteko Bizkaiko Golkoan arrantzaren etenaldia luzatu behar dela uste du. Argitara eman berri duen txostenean Europar Batasunari arrantza etenaldiari eusteko aholkatu dio. Gainera, ez da errealitate gordin hori islatu duen lehendabiziko entitatea.

Auzi honetan, beste askotan bezala, adituen iritziak ez dira politikarientzat lotesleak. Azkenean, politikarien esku geratzen da arrantzaren etenaldiarekin aurrera edo atzera egiteko erabakia. Erabaki politikoen alorrean interesak handiak dira eta presioak are handiagoak. Orokorrean, erabaki horiek ez diete erantzuten ingurumenaren beharrei, arrantzaleen bizimoduari edo kontsumitzaileen interesei. Orokorrean, erabaki horiek EBko kide diren estatuen eta estatu horietako enpresa handien interesei erantzuten diete.

Ondorioz, presio ekonomikoak eta politikoak aholku zientifikoak baino eragin handiagoa dutela ikus daiteke. Zientzialarien iritziak erabaki politikoak babesteko erabiltzen dituzte, baina soilik iritzi horiek hartu nahi dituzten erabakien aldekoak badira. Bruselako politikarientzat eta burokratentzat lehentasunak argi daude eta larritasun egoerak soilik alda dezake lehentasunen zerrenda hori. Kasu hori horietako bat izan daitekeela pentsatzeko gero eta datu gehiago daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo