Igor Mera Uriarte Etxebizitzarako teknikaria. Euskadiko Gazteriaren Kontseilua
Ez nagiak, ezta ardurabakoak ere
Gazteriak mesfidantzaz begiratzen ditu transiziotik sortutako erakundeak, baita sindikatu eta eragile politiko handiak ere. Susmo txarrak «mundu helduko» gehiengo batek borrokak lagatzeagatik datoz
Gure belaunaldiko gazteok dena eginda ematea nahi duten alferrontziak garela eta inoiz baino hobeto bizi garela entzun ohi dugu gure helduengandik. Era berean, «mundu helduaren» parte garrantzitsu batek gazteak gizarte gaiez ardura gutxi izateagatik, sistema barneratuegi izateagatik eta, finean, konformista hutsak izateagatik salatzen ditu. Ez dugu muturreko eztabaidetan sartzeko asmorik. Erralitatean zuria eta beltza nekez aurki ditzakegu; izan ere, mundua gazte ezberdinen aukera eta bizimodu anitzak islatzen dituzten grisez beteta dago. Ez dago «gazte izatea» maila soziologiko batean sartzerik. Gazteak bere aukera eta gaitasunetatik abiatuta eraikitzen du bere burua, prozesua sistema sozio-ekonimiko jakin batek baldintzatuta eta mugatuta.
Europa osoan gurasoen etxeetatik gutxien eta beranduen joaten den gazteria daukagu EAEn. Gure ustez, errealitate hau egiturazko bi elementuk baldintzatzen dute: lan balditzen prekarizazioak eta etxebizitzarako eskubidearen urraketak. Beren garaian ere gauzak txarto zeudela, lan asko egin behar izaten zutela eta beraiek ere hipoteka sinatu eta gerrikoa estutu behar izan zutela esanez erantzuten digute «mundu heldutik».
Gaur egun gazte garenok gure bizitza proiektu propioak garatzeko aurkitzen ditugun baldintza kulturalek, sozialek eta ekonomikoek ez daukate zerikusirik XX. mendean 70eko eta 80ko hamarkadetan gazte izan zirenen belaunaldiak pairatu zituenekin. Izan ere, 30 urte hauek gizartearen egituran eraldaketa sakon gehien egon diren epe historikoa osatzen dute. Eraldaketa hauek, estatuen antolakuntza eta produkzio-sistemaren egituratik hasi eta, balore-sistema eta pertsonen identitateetan ere eragin dituzte moldaketak. Ez dago, bada, errealitatea iraganeko irizpidetatik epaitzerik. Horrek frustraziora baino ez gintuzke eramango.
2003 eta 2007 bitartean etxebizitza eskuratzeko euskal gazteriak pairatzen dituen zailtasunak areagotu egin dira. Abian jarritako politika eta programak ez dira nahikoa izan. Izan ere, lau urte hauetan etxe libreen salneurriek %42,7 egin dute gora eta soldatek %9,6 soilik. Salneurrien eta diru-sarreren arteko aldea handitu egin da; pertsona gazte batek etxea eskuratzeko bideratu beharreko baliabideek bere soldataren %81 biltzen dute. Epe beraren hasieran bere kabuz bizitzera joandako gazteen tasa %34 zen eta %41 bukaeran. Hau da, zailtasun materialak gogortu diren epe honetan emantzipazio tasak %21 egin du gora. Hau ikusita, ba al dago esaterik euskal gazteriak ez daukala bere bizi-proiektuak gauzatzeko sakrifizio gaitasunik?
«Mundu heldu» honek gure belaunaldia konformista dela eta gizarte eraldaketaren aldeko borrokan parte hartzen ez duela esaten du. Egia esan, egoera honekin arduratuta gabiltza. Asko dira betebeharrak eta gutxi lanerako prest gaudenak. Aurreko belaunaldiak nahiko une historiko garrantzitsu bizi izan zituen (frankismoaren kontrako borroka, lehenengo konfrontazio demokratikoak, borroka sindikal gogorrak...), eta ez ziren gutxi izan sistema errotik aldatu behar zela ikusi zutenak. Baina, belaunaldi horrek berak paper nabarmena izan du gaurko sistemaren konfigurazioan. 2006an, adibidez, 68an Estatu frantsesean iraultza kulturala egin zuen belaunaldiak lehenengo enplegurako lan kontratuaren aurka zebilen gazteria itotzeko polizia oldartu zuen. Estatu espainolean antzekoa gertatu da, frankismoaren aurka ibilitakoak orain eztabaida garrantzitsuak ukatu eta manifestazioak zapaltzen dituztenak dira (okupa mugimendua, monarkiari buruzko eztabaida...).
Ez genuke sinplifikaziotan erori nahi; halere, ez dugu uste asko erratuko garenik honakoa esatean: gazteriak mesfidantza handiz begiratzen diela transiziotik sortutako erakundeei, baita sindikatu eta eragile politiko handiei ere. Susmo txarrak «mundu helduko» gehienek borrokak lagatzeagatik datoz, eta utzi diguten gizartea, aurrekoarekin alderatuta, arlo askotan atzera pauso nabarmena dela ikustetik sortu dira. Ez dugu ez belanunaldien arteko guda hasi, ezta iragan oro hobea izan zela adierazi nahi ere; mugimendu aktibo eta berrienak eragile sozial tradizionalen eragin eremutik kanpo eta hauen moldeetatik urrun sortu izanaren zergatiak bilatu baino ez dugu nahi.
Hau da, adibidez, etxebizitzarako eskubidearen aldeko mugimenduaren kasua. Euskal Herrian mugimendua gai bera lantzeko sortutako gizarte-dinamiketatik (Etxebizitza Guztiontzat! plataforma, Gazte Asanbladak, Gaztetxeak...) kanpo sortu eta paraleloki garatu da. Urte eta erdi eskasean bere lan dinamika gorpuztu eta etxebizitzaren arazoa agenda politikoaren lehenengo mailan jartzea lortu dute. Interneten bidez deitutako eserialdietan elkar ezagututako jendea, asanbladetan biltzen hasi eta beraien diskurtsoa eraikitzen duten gazteak (Ke pasa kon la Kasa, Plataforma por una Vivienda Digna de Euskadi eta Ciudadanos y Ciudadanas por el Derecho a la Vivienda de Vitoria-Gasteiz).
Abagune honetan erabakiko da etxebizitzarako eskubidearen etorkizuna EAEn. Uda aurreko asteetan lege aurre-egitasmoa aurkeztu zen eta, hirukoan egongo diren negoziaketen ostean, Legebiltzarrera bidaliko da legearen behin betiko proiektua. Iraganetik zeozer ikasi dugu jokuaren arauak ezartzen dituztenak ez dutela inoiz ezer debalde eman. Arlo sozialean egondako aurrera pausu guztiak gizarte zibilak irabazitakoak izan dira. Gizarte mugimenduak eta gazteok oro har alferrik galdu ezin dugun parada dugu aurrean. Mesfidantzak gainditu, elkarlanerako modu eraginkorrak sustatu eta sinergiak sortu behar ditugu. Eztabaida politikoa ahalik eta gehien baldintzatu behar dugu etxebizitzak betidanik izan behar zuena izatea nahi badugu: merkatuaren logikatik kanpoko eskubidea.