GARA > Idatzia > Kultura

Erkorekaren «Hamar», berrikuntza musikala Guggenheim Museoan

Gabriel Erkoreka musikagile bilbotarrak «Hamar» izeneko pieza sortu du, etengabeko berrikuntzaren bila dabilen museoaren hamargarren urtemuga «zuzeneko musika instalazio ibiltariaren» bidez ospatzeko.

Anartz BILBAO | BILBO

Guggenheim Bilbao Museoak hamargarren urteurreneko ospakizunetan dihardu. Atzo, Gabriel Erkoreka musikagile bilbotarrak, egun Londresen bizi eta Musikeneko irakasle denak, «Hamar» sorkuntza musikala aurkeztu zuen, museoko zuzendariarekin batera.

Eraikina harrigarria begitantzen zaio Erkorekari eta museoaren espazio, bolumen eta materialeek eman omen diote lanerako iturria. «Hamar», ordu erdiko musika pieza dugu, zazpi musikarirentzat prestatua eta hiru ataletan banatua. Konpositoreak lana sortzeko orduan izandako askatasun osoa nabarmendu zuen. Bere hitzetan, piezak «mugimendua eta aldaketa dauzka, musika taupadaka dabil, arnasa hartzen ari da, bizirik dago..., urruntasunetik hurbiltasunera, hutsetik betetasunera, isiltasunetik soinura».

Jendeak museoko bisitaldia egin eta artelanak ikusi bitartean entzuteko moduko lana sortu nahi zuela-eta, sarritan eta museoko bazterretatik entzuteko prestatutako lana da atzo aurkeztutakoa, konpositorearen esanetan. Eraikinak igeltsoa, harria, titanioa eta beira erabiltzen eta okertzen dituen moduan eta barruko geletako espazioa aldatzen den gisara moldatua, mugimendu, altuera eta iraupena muturrera eraman eta dramatismo handiko pieza sortu du Gabrielek. Hala, lehen atalean musikariak museoan zehar sakabanatuta ageri zaizkigu, musika tresna zorrotzak goiko solairuetan eta baxuak behean, bakarka jotzen. Bigarren atalean, berriz, batetik bestera dakuzagu, taldeak egin eta bikoteak, hirukoteak edo laukoteak osatzen. Bukaera, aldiz, zazpiek batera ematen diote obrari, atrioan elkartuta.

Musikariek Richard Serraren «Denboraren Materia» eskultura multzoan egindako saioa eta metalezko artelanek soinuan sortutako erreberberazio eta distortzioa bitxiak eta aipagarriak suertatu ziren.

Lau data, hamabi emanaldi

Museoan sakabanatutako zazpi musikarik jo zuten atzokoan «Hamar», bakarka hasi, multzo txikietan elkartu eta denek batera atrioan bukatu.

Andrea Cazzanigak (arrabita eta musika zuzendaritza), Jose Rafael Climentek (klarinete baxua), Ainhoa Gutierrezek (perkusioa), Iker Marañonek (tronboia), Santiago Marcok (tronpeta), Elva Trullenek (biolontxeloa) eta Pedro Jose Velak (piccoloa) osatzen du Bilboko Kuraia musika-garaikide taldean jarduten duen musikari zazpikotea.

Datorren hilabetean museora bisitaldia egiten duenak gozatu ahal izango du «Hamar» zuzenean. Azaroaren 10ean eta 11n batetik, eta azaroaren 17an eta 18an bestetik. Egunero, hiru emanaldi, lauretan, bostetan eta seietan, erakusketei so dabiltzanek musika pieza museoko geletan barreiaturik dabiltzala goza dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo