GARA > Idatzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria irakasle

Michèle Alliot-Marie euskara ikasten ari?

Seguraski euskarari buruzko propaganda ekintza batzuk prestatuko dituzte, hala nola diru zama batzuk elkarte batzuentzat, baina abertzaleen aurkako jarrera gogortuko da

Ipar Euskal Herriko militanteen azken atxilotuen familiek gutun bat helarazi zioten prefetari. Harekin hitz egitera hurbildu ziren ere, alegia Estatuaren ordezkariari entzunarazi nahi ziotelako azken gertakarien ondotik zituzten kezkak. Segur aski, gutuna heldu zitzaion, baina elkarrizketarako ezetza gordina izan zen. Ez omen zuen «terroristen familiarekin» hitz egiten.

Errepublikako funzionario horiek edozein estatuko, edozein erregimeneko, edozein kiderekin hitz egiteko ordainduak dira, eskatzen bazaie, edozeini eskua emanen diote, funtzioak hala eskatzen baitie, eta gehienetan ez dute fineziarik bilatzen botereko jendearekin harremanetan sartzeko orduan. Badakigu azken atxilotuen aurka ez dagoela inongo frogarik, atxilo- ketak hauteskundeei begira eginak izan direla, abertzaleek Baxe Nafarroan duten kemenari oztopo baten emateko, iritzi faltsuen hedatzeko eta familia konkretuen kontra beldurraren sorrarazteko Estatuak Euskal Herriarekiko inongo interesik balu, haren ordezkaria hor egon zitekeen biztanleen grinen entzuteko. Ez dago horrelakorik, prefetaren ezetz biribilak euskal arazoari buruz estatuak duen ikuspuntua eta haren ordezkariak duen baztertze nahia erakusten digu.

Oso urte zailak heldu zaizkigu Sarkozyren eskutik. Hasteko, eremu sozialean erreformak bultzatzen ditu eta bigarren gerlatik landa lortu ziren irabazien botatzen saiatuko da, alegia erretretak eta babes sozialak. Ondoren, gure eskakizunei begira, Euskal Herrian garapen ekonomikorik ez da etorriko, enpresari handiei buruz gaur egun erakusten den interes berezia ez dute erakutsiko, adibidez, hetsi nahi dituzten Aldudeko hiru hoteleko nagusiei, ez dituzten laguntza ekonomiko bereziak emanen, Kanaldude edo Aldudarrak finantzatzeko eta tokiko telebista baten sortzeko. Edo herri honetan sortzen diren trumilka proiektuak sostengatuko. Ez, Kalaka ostatuan, Garaziko herri erdian miaketa, horretarako berrehun bat polizia. Hau da Estatuaren proiektua.

Estatuak jarrera gogortu du, segur aski euskarari buruzko propaganda ekintza batzuk prestatuko dituzte, hala nola diru zama batzuk elkarte batzuentzat, baina abertzaleen aurkako jarrera gogortu da, MAMek hala deritzolako, dudarik gabe. Izan ere, hor dagoelarik bere etxe inguruak nola zainduak diren ikusita, ez dateke oso lasai bizi gure artean! Alta, duela egun batzuk, Azkainen iragan zen besta batean parte hartzen zuelarik, hemengo hautetsiek zer-nolako interesa duten herriko biziarekiko erakutsi nahian edo, barne ministroak «mila esker anitz» bat atera zuen. Denek gogoan dugularik Donibane Lohitzuneko auzapeza zelarik euskararen erabilpena debekatzen zuela kontseiluko biltzarretan! Beraz, hizkuntzarekiko aldaketa onartzen duke botoen irabazteko!

Urriaren bukaeran, Eraikiren eskutik, Frantziako estatuko herri gutxituen ordezkariak bilduko dira, autonomiari buruz gogoeten abiatzeko, agian debate horiek abertzaleen indarberritzeko, heldu diren hilabete zail horiei buru egiteko balioko zaizkigu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo