GARA > Idatzia > Irrati-telebista

«Digitalean emititzeko lizentzia eskuratzeak betebehar ugari dakartza»

iban bengoetxea

erlo telebistaren SORTZAILEETARIKO bat

Orain arte Zarauzko Telebistako arduradun nagusi, Iban Bengoetxea izan da laster Urola Kosta eta Garaian ikusi ahal izango den Erlo Telebistaren sustatzaileetako bat. Azaldu duenaren arabera, Azpeitian eta Azkoitian dabilen Kaito telebistarekin elkartuta sortu dute telebista, lizentzia digitala eskuratzeak berekin dakartzan erronkei aurre egiteko asmoz. «Elkarrekin indartsuago gara», ziurtatu du.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Zarautz eta Kaito (Azpeitia eta Azkoitia) herri telebistek bat egitearen ildotik sortu da Erlo Telebista, laster Urola Kosta eta Garaian digitalean ikusi ahal izango dena, Gasteizko Gobernuak berriki eman dien lizentzia tarteko. Ibai Bengoetxearen iritziz, erronka handia du eskuartean lantalde berriak.

Bi herri telebista batzetik sortu da Erlo. Nondik etorri da erabakia eta zer eragin izan du digitalean emititzeko lizentzia eskuratu izanak?

Uhin bidezko seinale digitala sartzen ari den garai honetan, lizentzia hori eskuratzeak derrigorrezko aldaketak dakartzala jakin genuen. Hau da, tokiko herri telebistak eskualde guztian ikusi behar dira, ordu kopuru batzuk bete behar dira... Betebehar ugari dakartza. Zarautz Telebistan bagenekien Azpeitian eta Azkoitian Kaito izeneko telebista bat bazegoela eta, bakoitzak bere aldetik jo beharrean, nolabaiteko elkarlana proposatzea erabaki genuen, erronka horri elkarrekin aurre egiteko. Prest agertu ziren eta hortik etorri da Erlo telebistaren sorrera.

Egun zertan da proiektua, noiz izango zarete emisioekin hasteko moduan?

Emititzen joan den astean hasi ginen, baina seinalearekin zenbait arazo ditugu eta antenistak konpontzen ari dira. Egia esan, trantsizio une batean gaude, egunero emititzen jarraitzen dugun arren. Oraingoz Zarautzen, Azpeitian eta Azkoitian ikusten da, eta Getarian Euskaltelen bidez. Hurrengo urteetan Zumaia, Orio eta bar hartuko ditu, baina hori aurrera begirako kontua da.

Etorkizunari begira, zer izan nahi du Erlok, zeintzuk dira erronka nagusiak?

Erlo telebista euskarazkoa izango da, hori argi dugu. Tokikoko, euskarazko toki telebisten elkartea, partaide ere bagara eta Hamaikarekin ere elkarlanean ari gara etorkizunean euskarazko telebista sare bat osatzen bada bertan jardun ahal izateko. Eta, Erlo telebistari dagokionean, datozen asteetan programazio sendo bat finkatzen hasteko asmoa dugu. Lau orduko saio-zerrenda bat osatuko dugu, albiste, erreportaje eta denetariko saioekin... baina, jakina, jada bailara edo eskualdeko ikuspegiarekin arituko gara.

Eskualdeko izateak, beraz, aldaketak ekarriko ditu.

Bai, zalantzarik gabe. Hasieran garrantzia emango diegu ikusten gaituzten herri horiei, baina telebistetan tokia denentzat dago, herri ikuspegitik eskualdekoa hartuko dugun arren orduak soberan ditugu denei tartea emateko. Alde horretatik, albistegiei indar handiagoa eman nahi diegu eta astelehenetik larunbaterako programazioa saio berriez hornitua egon dadin nahi dugu, orain artean asteburuak errepikapenez osatzen baikenituen. Saioak egiteko era ere aldatuko dugu, ikuslearentzat erakargarriagoa izatea nahi dugulako, eta lan txukunagoa egiteko «vector box» izeneko tramankulu bat ekarriko dugu. Horrek ahalbidetuko du lau orduko emisio indartsua egitea.

 
Fitxa

Erlo Telebista: Kaito (Azpeitia eta Azkoitia) eta Zarauzko telebistak batuta sortu den hedabidea.

Ikusgai: Urola Garaia eta Kostan. Oraingoz, Zarautzen, Azpeitian eta Azkotian. Getarian, Euskaltelen bidez ikus daiteke.

Sarean: www.erlotelebista.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo