Mikel Aramendi Kazetaria
Ezgaiak ala gupidagabe nahiago?
Arthur L. Herman historialari ospetsu samarra da AEBetako eskuin-eskuineko giroetan. Beraiek aintzakotzat hartu nahi izaten dituzten datuak, eta horiexek bakarrik, aintzat hartuta gogoeta egiteko gauza bazara, analisi borobil, zorrotz eta distiratsuak egiten dituela irudituko zaizun horietako bat. Eta analisi horietakoa zen hain zuzen duela hilabete, ekainean, Wall Street Journalera igorritako gutunean Hermanek Pakistani buruz egiten zuena. Bere tesia zen Musharraf dela Estatu Batuek han duten lagunik fidagarriena, eta hark bere erkideen artean duen abegi kaskarra mohajir bat (1947ko aldebanaketaren ondorioz egun India denetik Pakistanera ihes egin behar izan zuten musulmanetakoa) izatearen ondorioa zela, funtsean; xenofobia kontua, alegia. Baina tipo prestua omen Musharraf. Ez Benazir Bhutto bezalakoa: «Asia Hegoaldearen historiako liderrik ezgauzenetako bat».
Ez dakit Hermanek bere «analisiaren» ildo nagusiak berresten ote dituen lau hilabete geroago. Gauza asko gertatu baitira bitarte honetan: «lider prestua» eta «lider ezgauza» aurrez-aurre elkarrizketatu bide ziren udan Dubain, eta harez geroztik biek ukatu badute ere akordiorik lortu zutenik, isilpeko hitzarmena balego bezala bilakatu dira gauzak. Musharrafek lortu du lehendakari izaten segitzeko oniritzi parlamentarioa (Auzitegi Gorenak bere azken hitza ez du esan, haatik). Armadaren burutzan jarraitzeari uko egiteko keinua ere egin du. Ordaina dirudienean, Benazirrek lortu du Pakistanera itzultzeko baimena, bere aurkako ustelkeria auziak indargabetuta utzi dituztelako. Urtarrilean-edo egin behar luketen hauteskunde parlamentarioetarako txanparako bikain, beraz. Bestelako daturik ez balego.
Kontua da Karachira itzultzearekin batera, atentatu izugarriaren jo-puntuan aurkitu dela Benazir. Eta bera onik atera bada ere, ezingo dute halakorik esan bere jarraitzaileetako askok: 140 hildako eta 500 zauritutik gora. Eta aferaren mamia da norengandik datorren gaztigu gupidagabea, egile zuzenetatik haratago oso esku ahaltsuek mugitu dituztela hariak baitirudi. Benazirrek eta bere hurbilekoek «Zia-ul-Haqen garaietatik inteligentzia zerbitzuetan» murgilduta egongo liratekeen batzuen juzgu egin du, Musharraf tartean sartu gabe. Beste batzuentzat, ordea, azken hori ez da sinesgarria.
Oraingoan, «ezgauzak» suerte ona (?) izan du, eta gupidagabeek txarra (??). Baina hasi besterik ez da egin norgehiagoka.