MOTOZIKLISMOA
Bigarren txapelarekin agurtu zuen Jorge Lorenzok litro laurdena
GARA | SEPANG
Jorge Lorenzok ez zion emozio handirik eman nahi 250 cc-ko Munduko Txapelketari eta bere bigarren txapela eskuratu zuen atzo Sepangeko zirkuitoan. Hala, bi astetan Chesten korrituko den lasterketa festa hutsa bilakatu du.
Apriliako pilotoak hirugarren postuan amaitu zuen Malasian, Hiroshi Aoyama (KTM) eta Hector Barberaren (Aprilia) atzetik. Nahikoa, bost puntu besterik ez baitzituen behar ¯hamaikagarren postuan amaitzearekin nahikoa zuen ere¯ garaipena ziurtatzeko.
Lorenzoren arerio nagusia -eta bakarra-, Jorge Dovizioso, lehen postuan irten eta lasterketaren burua izan zen hainbat itzulitaren buruan. Baina Lorenzok bere erritmoa gogortu zuenean, Hondakoaren lekukoa hartu zuen. Atzeko gurpilak abisutxoa eman zion unera arte, behintzat. Txapelketaren liderrak taktika kontserbadoreago bati ekin zion orduan, lasaiago joan eta Doviziosori lasterketa irabazteko aukera itzuli zion. Ondo irten zitzaion jokaldia, borroka horretan sartu zen Mika Kalliok italiarra lurrera bota baitzuen, bihurgune batetik oso pasatuta irtenda.
Ohi den bezala, Lorenzok ospakizun ikusgarria egin zuen helmugaratzerakoan. Kasu honetan, Rocky Balboaz mozorrotuta. Benetako jaia, hala ere, azaroak 4an ospatuko du, Chesteko zirkuitoan egingo den egutegiaren azken lasterketan.
Litro laurdenean azken lasterketa izango da Mallorcakoarentzat ere, datorren urtean Moto GPn arituko baita, Valentino Rossirekin batera Yamaha taldean.
Talcmasi garaile
Erabakigarriagoa izango da Valentziako azken lasterketa hori 125 cc-ko Txapelketari dagokionez, oraindik garailerik ez baitago.
Gabor Talmacsik (Aprilia), hala ere, eskuan dauka txapela, atzo Sepangen irabazi ondoren, oso lasterketa on bati esker. Bere taldekide eta aurkari nagusi Hector Faubelek, gainera, hirugarren postuan amaitu zuen, arazo mekanikoak izan zirela-eta. Beraz, Hungariakoak hamar puntuko abantaila dauka orain Txapelketan.
GPri dagokionez, Casey Stonerek (Ducati) bere nagusitasuna luzatu zuen, denboraldiko hamargarren garaipena eskuratuta. Munduko txapeldunak irteeran bertan gainditu zuen pole-a zeukan Dani Pedrosa eta lasterketaren erdirako abantaila erosoa atera zien atzekoei. Australiakoaren atzetik, Hondako Marco Melandri eta Dani Pedrosa helmugaratu ziren.