FreeBatasuna ekimenaz harago, iraunkorki eraikitzen da elkartasuna
Madrilek ezker abertzalearen aurkako beste eraso bati ekin dionetik, makina bat izan dira bai Euskal Herrian baita munduan barna ere egin diren protestaldiak. Azken asteotan eta egunotan errepikatu egin dira antzeko mobilizazioak; Uruguai, Italia edota Irlanda izan dira protestaldion azken agertokiak. Baina ekimen isolatuak baino, urte osoan garatzen den lanaren baitako mobilizazioak izan dira horiek.
Gari MUJIKA |
Makina bat izan dira azken asteotan, ezker abertzaleko kideen atxilotzeen eta espetxeratzeen ugaltzearekin batera, Euskal Herriarekiko eta, zehazki, ezker abertzaleari munduan barna erakutsi dizkioten elkartasun adierazpenak. Argigarria izan zen, esaterako, urriaren 4an Olaberrian eta Seguran jazotako atxiloketa masiboei erantzun gisa Interneten munduan ge- hien bilatu zen hitza «FreeBatasuna» izatea. Eskola sortu du gainera leloak, eta lema hori hartu dute Montevideon, esaterako, beste hainbat herritan, Madrilen erasoa salatzeko.
Astebukaeran ere izan dira protestaldiak txoko ugaritan. Irlandan, berriro ere Belfasteko kaleetan, picket-line erara, errepide ertzean jarrita, dozenaka lagun mobilizatu zen. Baita Montevideon eta Uruguain ere; edota Erroman, besteren artean. Herri guztiotan antzeko protestaldiak egin dituzte baina, halere, bada hiruoi berebiziko garrantzia ematen dien ezau- garria: Euskal Herriarekiko elkartasuna egunerokotasunean eta urte osoan lantzen dute, eta hala, nolabait eta nola hala, nazioarteko agenda politikoan ere euskal gatazka sartu.
Asteotan Irlandan dagoen Askapenako kide Jon Etxeberriarekin hitz egiteko aukera izan du GARAk. Larunbatean bera ere Belfasten izan zen, irlan martxan dauden «Euskal Herriaren lagunak» izeneko hiru komiteek -Belfasten, Dublinen eta Corken Euskal Herriarekin elkartasuna duten komiteak daude- antolatutako protestaldian.
Irlandan, ulertezina
Banderak eta kartelak eskuan hartu eta West Belfasteko errepide ertzean egin zuten protesta larunbatean hamarka lagunek. Ezker abertzalearekin elkartasuna adierazi eta Madrilen errepresio estutzea salatu zuten.
Hiru urte pasatxo dira «Euskal Herriaren lagunak» dinamika Irlandan egonkortu zutenetik. Hiru talde daude martxan, eta larunbatean hirurak elkartu ziren Belfasten. Beren egitekoez ere aritu ziten bertan. Jonek esandakoaren arabera, batik bat informazioa gizarteratzen aritzen dira, «hona albisteak iristen baitira, baina kostata».
Baina azken hilabeteotako egoera politikoaz oso jakitun direla gaineratu zuen jarraian. Jonen esanetan, «hemen, Irlandan, ulertezina da Batasuneko kideak atxilotu izana; ilegalizazioa ere ezin zuten ulertu. Gainera badakite zergaitik ez duen prozesuak aurrera segitu. Oso argi daukate, Irlandan ere giltza autodeterminazioa eta lurraldetasuna zelako eta badakitelako Euskal Herrian Gobernu espainolak ez diola horri eutsi».
Jakitun dira euren ixilpeko txindurri lanak ez dituela komunikabideen goiburuak osatuko, baina konbentzimendu osoz jarraitzen dute. Orain, hilabeteak lehenago prozesu demokratiko baten alde abiarazi zuten sinadura berriz hartuko dute eta otsailean Euskal Herriaren jiran Belfasten urtero izan ohi den eguna antolatzen ari dira.
Tarteka, uste baino fruitu garrantzitsuagoak ematen dituzten ixilpeko lanetan ere adituak dira Italian. Han ere asko izan dira, egunotan Grezian gertatu bezalaxe, ezker abertzalearen aurkako erasoaldia salatzeko izan diren protestaldiak. Marco Santo Padrerekin hitz egin du GARAk horren gainean, Euskal Herria soberan ezagutzen duen pertsonarekin hain zuzen.
Mozioak bultzatzen Italian
Joseba Alvarezen eta Oihane Agirreren atxiloketak gertatu zirenean, alderdi eta eragile politikoen arteko harremanak hasi zituzten Italian. Mobilizazioak ere garai berean hasi ziren. Orduz geroztik hiru bat protestaldi egin dituzte; Erroman eta Milanen, esaterako.
Erromakoa izan da azken mobilizazioa. Enbaxada espainolaren aurrean elkarretaratu ziren joan den astean, eta eragile politikoen artean abiarazi duten harreman dinamika zabalaren erakusgarri bilakatu zen. «Euskal Herriarekin normalean elkartasun diskurtsoak dituzten alderdiez harago joan nahi izan dugu, errepresioa ere harago joan dela ulertzen dugulako», dio. Hala, Italiako Gobernuan dagoen alderdiarekin ere harremanak izan dituzte, baita komunistekin eta boterean daudenekin. Guztien ordezkariak izan ziren Erromako proestaldian.
Santo Padreren esanetan, prozesua eten ostean, errepresioa izango zela uste zuten italiarrek, «baina ez horrenbestekoa eta horren gogor. PSOE izanik, komunikazio bideak irekita utziko zituela uste zen, eta jendeak ikusi du ez dela hala izan eta horregatik ari dira parte hartzen normalean inplikatzen ez diren alderdiak eta eragileak. Italian barna hitzaldi bira antolatzea otu zaie, eta parlamentuan eta senatuan mozio bana atera nahi dituzte aurrera; horretarako prestutasuna azaldu dute Italiako politikari desberdinek.
Bi mozio atera nahi dituzte aurrera Italian. Bata Senatuan eta bestea Parlamentuan. Biak Italiako Gobernuari begirakoak dira, beren jarrera argitzeko egina. Hizpide, ordea, ekainean eten zen prozesua eta orain arteko errepresio bilakaera.
Italiako Udaletxe bakan batzuetan ere mozioak aurkeztu dituzte. Hainbat senatariren eta parlamentariren babesa jaso dutela azaldu du Santo Padrek, Senatuan eta Legebiltzarrean onartzea nahi den mozioak aurrera egin dezan.